Gizarte, hezkuntza eta kultura eragileen arteko "sinergiak" aprobetxatuta, "kultura eta gazte polo berri bat" sortzea. Horixe gura du Durangoko Udalak Intxaurrondoko instalazioetarako. Azken hilabeteetan instalazioetako espazioak berreskuratu eta handitu dituzte herriko elkarteentzat, eta asteburu honetan pauso bat gehiago emango dute umeentzako ludoteka eta gazteleku zerbitzua estreinatuta. Horrez gainera, beste berrikuntza bat. Instalazioetan bilerak egin ahal izateko lokalak alokatu ahalko dira, eta datozen hilabeteetan pinp-pong mahaiak ipiniko dituzte.
Pinondo Etxea zarratu zenetik, udalak Intxaurrondoko instalazioetan birkokatu ditu herriko hainbat elkartea. Gaur egun, honako hauek daude: Berbaro, Zeramika tailerrak, Izarra elkartearen Astronomia Gela, Errotari, Oinarrizko Lanbide Heziketa, HHE, Gazte Informazioko Bulegoa, Iñurri, JAED, DAZ eta Juan de Iciar. Geu Bek ere laster hartuko du lur bertan, udalak aurreratu duenez, Garai jauregitik Intxaurrondora lekualdatuko baitute elkartea.
“Gustatuko litzaiguke, besteak beste, Geu Be-ko erabiltzaileek Ostalaritza Eskolako instalazioetan errezeta berriak ikasi ahal izatea, edo Ludotekako edo Gaztelekuko gazteek zeruan zer dagoen jakin ahal izatea, Izarrako Astronomia Elkarteari esker. Horrelako dinamikak sustatu eta erraztu nahi ditugu, eta espazio honek bide hori erraztuko digu”, adierazi dute udal zinegotziek.