Euskal Herrian Euskarazek umorezko bakarrizketen saioa egingo du San Agustin Kulturgunean

Anboto 2022ko api. 21a, 10:04

Egitasmoa antolatzen duten bigarren aldia da. Datorren barikuan egingo dute, apirilaren 29an, 21:30etatik aurrera. Sarrerak salgai daude.

Iazko arrakasta eta gero, bigarrena. Durangoko Euskal Herrian Euskaraz elkarteak umorezko bakarrizketen bigarren edizioa egingo du hil honen bukaeran. Eskualdeko umoregile taldetxo batek dena prest du taula gainera igo eta San Agustinera bertaratzen diren ikus-entzuleak barre-algaraka ipintzeko. Bakarrizketa saioa apirilaren 29an izango da, gaueko 21:30etatik aurrera. Hori bai. Antolatzaileek aurreratu dute bakarrizketak bakarrik ez; bideo-emanaldiak ere proiektatuko dituztela. "Gogoratu behar da iazko saioa pandemia bete-betean burutu genuela, etxeratzeko aginduarekin, edukiera mugekin, maskaren derrigortasunarekin...aurtengoak oraindik ere gustorago barre eta irri egiteko aukera paregabea eskainiko digu eta elkar hobeto ikusi eta agurtzekoa ere. Itzela izango da!", adierazi dute antolatzaileek.

Sarrerak salgai daude dagoeneko. Durangoko Arte eta Historia Museoan edo erabilera anitzeko kutxazainetan erosi daitezke 8 euroan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!