Durangoko Udalak Gazte Informazio Bulegoa (GIB) irekiko du berriro, gazteei ikasketa eta ikastaroen, beken, lanaren, etxebizitzaren, mugikortasunaren, aisialdiaren eta abarren berri emateko doako zerbitzua izango dena.
Bulegoa Intxaurrondoko instalazioetan kokatuko da, udalak ohar batean informatu duenez. Bertan, gazteentzako polo bat garatuko dute, Gazte Informazio Bulegoarekin batera Ludoteka eta Gaztelekua irekiko baitira. Apirilaren amaieran irekiko dira azken hauek, eta herriko gazteenentzat bereizitako bi gune berri eskainiko dira.
Durangoko Gazte Informazioko Bulegoak koordinazio eta lankidetza lanak egiten ditu udalerriko haur eta gazteen aisialdiko hainbat programa eta jardueratan, hala nola ‘Udaro’n edota Gabonetan.
Intxaurrondoko Gazte Informazio Bulegoan nazioarteko askotariko txartel motei buruzko informazioa ere emango da: Gazte-txartela (EYC), Nazioarteko Ikasle Txartela (ISIC), Nazioarteko Irakasle Txartela (ITIC), Go-25 Nazioarteko Txartela edota Aterpetxe Txartela (REAJ).
"Intxaurrondo herriko gazteenentzat erreferentzia bihurtzea nahi dugu, eta hemendik aurrera eskainiko ditugun hiru zerbitzu horiek helburu hori lortzen lagunduko digute”, adierazi dute Julian Rios alkateordeak eta Garazi Errasti zinegotziak.
Bulegoaren ordutegia astelehenetik ostiralera izango da, 10:00etatik 14:00etara. Gainera, telefono bidezko arreta zerbitzua eskainiko da harrera ordutegian, 94 603 00 30 telefonoaren bitartez. Horrez gain, intxaurrondo@durango.eus helbide elektronikoan eta 630 815 243 whatsapp zenbakian ere zerbitzua eskainiko da.