Ondoren, udal teknikariek ‘Atsegin dut’ gehien dituzten proiektuak teknikoki ikertuko dituzte horien bideragarritasuna aztertzeko.
Durangoko Udalak antolatzen dituen hirugarren aurrekontu parte hartzaileak dira hauek. Gainera, berrikuntzak jaso dituzte honako honetan. Izan ere. 600.000 euro herriko sei auzo edo gune nagusitan banatuko dira. Hartara, auzo bakoitzeko bizilagunek 100.000 euro izango dituzte euren auzoan inbertitzeko, udal arduradunek gogoratu dutenez. Gainontzeko 200.000 euroak proiektu orokorretara bideratuko dira.
“Aurrekontu Partehartzaileak bi urteko zikloak dira, eta aurten ziklo luzea ospatuko dugu. Horrez gain, aurten jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa emango dugu, diru gehiago jarriko dugulako eta horrek, aldi berean, proiektu gehiago aurrera eramateko aukera emango digulako durangarroi”, adierazi dute Iker Urkiza eta Patxi Lakuntzak.
Bozkaketa
Pertsona eta elkarte bakoitzak, NANaren edo IFKren bidez identifikatu ondoren, bost proposameni eman ahal izango die «Atsegin dut». Proposamenak partehartu.durango.eus atarian argitaratuko dira. Online bozkatu daiteke ataria bertan. Hala ere, bozkaketa modu presentzialean egiteko guneak ere egokitu dira.
Maiatzaren 3tik ekainaren 3ra bitartean udal teknikariek proiektuen analisia eta bideragarritasun teknikoa aztertuko dute. Ostean, ekainaren 10etik ekainaren 26ra bitartean durangarrek proiektuak bozkatu beharko dituzte. "Argi daukagu herritarren parte-hartzea sustatzeko modu bakarra parte-hartze hori benetan gauzatzea dela. Aurrekontu Partehartzaileak horren adibide dira, durangarrak ahaldundu daitezen eta udalaren erabakietan parte hartu eta erabaki ahal izan dezaten tresna bat eskaintzen baitute”, gaineratu dute Urkizak eta Lakuntzak.