Iker Urkiza Bizkaiko Aldundiko udal finantzaio berrirako Batzorde Mistoko kide izendatu dute

Anboto 2022ko api. 12a, 11:33

Iker Urkiza Durangoko udaleko bigarren alkateordea, Durangoko 2022ko aurrekontuak aurkezterakoan ateratako irudia

Bizkaiko Foru Aldundiak udal-finantziazioaren eredua birpentsatzeko sortu duen zortzi kidez osatutako Batzorde Mistoko kide izendatu dute Iker Urkiza, Durangoko EH Bilduren zinegotzia eta Udaleko bigarren alkateordea. Urkizak azaldu duenez, “bilbozentrismoaren aurrean, Durango eta gainerako herrien onurarako" lan egingo du. EUDELek proposatuta izendatu dute Urkiza.

Bizkaiko Foru Aldundiak udal-finantziazioaren eredua birpentsatzeko osatu duen Batzorde Mistoko kide izendatu dute Iker Urkizak. Elixabete Etxanobe Herri Administrazioko diputatua buru duen batzorde horretan, Bizkaiko udalerrietarako udal-finantzaketarako¡ sistema eguneratzeko irizpide berriak berrikusi eta aztertuko dira. Zortzi kidek osatzen dute batzorde hori.

Urkizak azaldu duenez,“ banaketa-irizpideak bidezkoak izan behar dute eta biztanleriaren pisuan zentratu behar dira. Bizkaian Bilbozentrismoa pairatzen dugu gainerako herriek, eta sistema birpentsatzera behartuta gaude, udalerri guztietan banaketa bidezkoagoa lortzeko. Nire lana Durango eta gainerako herri ertain eta txikien onurarako lan egitea izango da”. EUDELek proposatuta baita Mungiako alkate Ager Izagirre, Portugaleteko alkate Mikel Torres eta Zornotzako zinegotzi Ainhoa Salterain ere egongo dira Batzorde Misto horretan.

Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako diputatuak zuzenduko du batzordea, eta Josu Bergara Toki Administrazioaren zuzendariak, José Rubí Cassinello Ogasuneko idazkariak eta Marta Vielba udal azterlanetarako zerbitzuburuak ere parte hartukjo dute. Azken horiek Bizkaiko Foru Aldundiak proposatu ditu.

Toki Ogasunei buruzko 9/2005 Foru-Araua aldatzea, eta, bereziki, Udalkutxaren funtsak banatzea izango du helburu Batzorde Mistoak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!