Txapeldunek partidurik galdu barik amaitu dute liga

Joseba Derteano 2022ko api. 9a, 10:00

Durango Rugby Taldeko emakume seniorrek Bigarren Mailako Euskadiko Liga irabazi dute aurten, eta ez edozelan gainera: liga osoan ez dute partidurik galdu. Zortzi garaipen eta berdinketa bi, horixe da aurtengo uzta. 

Taldearen iaztik honako progresioa handia izan da. Gazteen taldetik igotakoek freskotasuna ekarri dute, jokalari berriak azkar moldatu dira eta esperientziadunei lehenengo lerroan egotea egokitu zaie taldeari tira egiteko. 

Aurretik errugbian ibili bako bost-sei jokalari batu dira aurten. Beraz, hasierako asteetan entrenamenduak bitan banatu zituzten: esperiantziadunak eta esperientzirik bakoak aparte ibili ziren. Ondoren, apurka-apurka entrenamenduak bateratzera jo dute. Sistema horrek bere fruituak eman ditu. "Gogo handiagaz aritu gara entrenamenduetan, eta intentsitatea ikusi da. Urte hasieratik hona asko hobetu dugu", adierazi du Ane Diez taldeko jokalari eta kapitainak. Durangarrak hirugarren urtea du errugbian eta taldean.

Harrobiko jokalariak ere oso ondo ibili dira. Gainera, arlo horretan itxaropentsu egoteko moduan daude etorkizunera begira ere. "Hainbat jokalari oso onak datoz", dio Sabin Goiti entrenatzaileak. 

Liga hasieran helburu batzuk markatzen dituzte urtero, eta aurten liga irabazi zezaketela ikusten zuten. "Ikusita gure ligan zer talde zegoen liga irabazteko aukera ikusten genuen", azaldu du Diezek. Goitik taldearen nortasuna azpimarratu du: "Konfiantzan irabazi dute". 

Lehen Mailara?

Datorren denboraldian Lehenengo Mailan arituko ote dira? Oporretatik bueltan oraingo egoerari eusten badiote erantzuna baiezkoa da. Izan ere, Lehenengo Mailan aritzeko gako garrantzitsu bat jokalari kopurua da. Kopuru jakin batera heldu ezin direnak Bigarren Mailan aritzen dira, arauak malguagoak direlako: errugbi 15ean barik errugbi 12an jokatu dezakete, talde biak ados badaude. Lehenengo Mailako partidu guztiak, ostera, 15ekoak dira. Aurten 24 jokalari aritu dira DRTn, eta, beraz, une honetan jokalari nahikoa dute Lehenengo Mailan aritzeko.

Gizonen taldea

Gizonen talde nagusiak asteburu honetan jokatuko du seniorren Lehenengo Mailako azken partidua. Bilboko Valtecsa UBR taldearen kontra jokatuko du, etxetik kanpora. Une honetan sailkapeneko seigarren tokian dago eta bosgarren edo laugarren amaitzeko aukera du oraindino. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!