Gitarra doinuak nagusituko dira zapatuan Sorginolan, Ochi di Farfalla eta TOC taldeekin

Aritz Maldonado 2022ko api. 9a, 11:40

Miren Aranguren, Occhi di Farfallako abeslaria.

Beste behin ere, rock doinuak nagusituko dira Durangoko Sorginola gaztetxean, Occhi di Farfalla eta TOC taldeen kontzertuetan.

Talde biek rock doinuak dituzte oinarri, baina bestelako ukituekin ere janzten dituzte emanaldiak, punkagaz besteak beste. Euren azken lanak aurkezteko asmoagaz etorriko dira Durangaldera, Iraun eta Zidazun, hurrenez hurren. 

Occhi Di Farfalla (ODF) Miren Aranguren eta Hodei Esteban zarauztarrek martxan ipinitako proiektua da. 2013an ekin zioten ODF-n jotzeari, bikote akustiko lez; baina, denboragaz, elektrikora jauzi egin dute eta azkenengo lanean ere igartzen da energia hori. Egun boskotea osatzen dute Carlos Aquinogaz (bateria), Juanmi Boschegaz (gitarra) eta Craig Bjerringaz (baxua) batera. 

Olatua Mungia aldetik
Azken urteetan, gitarra doinuetan nabarmentzen den hainbat talde sortu da Mungia aldean, hala nola Belako, Sua, Lukiek eta TOC. Azken horiek Zidazun disko berria aurkeztuko dute. 2021ean kaleratu zuten eta hamabi kantuk osatzen dute emozioz eta kontrastez beteriko lana. Mikel Bilbaok, Ander Goitiak, Xabier Bilbaok eta Aitor Etxebarriak osatzen dute TOC.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!