"Gaur egungo behargin subjektua anitza da eta horrek, sindikatu modura, erronka berri bat planteatzen digu. Orain urtebete prozesu konkretu bat hasi genuen. Langile migratzaile eta arrazalizatuekin egoeraren diagnostiko moduko bat egin genuen. 120 bat langilek parte hartu zuten. Lehen sektoreari loturiko lanak, kontserba-industriakoa, arrantza, etxeko lana, eraikuntza, merkataritza... sektore horietan handiagoa da behargin migratzaile eta arrazalizatuen presentzia. Eta eurekin lan ildo berri bat diseinatzen hasi ginen", azaldu du Josefina Rocok. Dena dela, LABen bide orria ez da behargin arrazalizatu eta migratuei bakarrik begirako lanketa; zabalagoa da. "Aurretik daukagun lanketa integrala da. Dinamika sindikatuko egitura osora zabalduko da. Ordezkariengana, liberatuengana, arrazalizatuak eta migratzaileak ez diren beharginengana. Eta gaia arlo askotan jorratuko dugu. Berdin lanketa juridikoa eginda, eta berdin barneratuta ditugun aurreiritziak deseraikitzeko lana eginda", zehaztu du Rocok.
Programazio zabala
Durangoko Institutuan egitekoak diren jardunaldiak 10:30ean hasiko dira. Batetik, borroka eta antolaketa kolektiboari begirako esperientziak partekatuko dituzte Huertas de Peralta (Nafarroa) enpresako beharginekin eta Bizkaiko etxeko langileen eta zaintzaileen kolektiboagaz. Bestetik, Atzerritartasunaren Legea saihesteko tailerra eskainiko dute, eta, horren ondoren, bazkari herrikoia, azoka antirrazista eta ekitaldia izango dituzte. Musika ere ez da faltako. Arratsalde partean, Celeste Agüero, Cristian Vergara, Perkuneskak, Beto Asnai eta Follow The Party Bilbao musikariek kontzertuak eskainiko dituzte. Ramadana egiten dabiltzan kideek bianda bat jasoko dute, bueltako bidaian jateko.