Ekanak eta udalak 'Gazte KZK' egitasmoa sortu dute gazte durangarren kirol jarduera sustatzeko

Anboto 2022ko api. 7a, 13:33

Kalistenia, trail running, nutrizio saioak, yoga eta mendi irteerak eskainiko dituzte, besteak beste.

Durangoko Udalak eta Ekana Medikuntza eta Kirol zentroak proiektu berri bat hasi dute gazteen artean kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko. Elkarlanak Gazte KZK du izena (Gazte Kirolen Zientzia eta Kultura) eta hainbat tailer eta egitasmo eskainiko ditu bere baitan: Kalistenia tailerra, running eta trail running irteerak, kirolari loturiko nutrizio tailerra, yoga tailerrak, HIIT saioak, kirol egokituko saioak, mendi irteerak eta erakusketak antolatuko dituzte, besteak beste. Ekanako kideak arduratuko dira saio bakoitza zuzentzeaz eta bertaratzen diren gazteei tutoretza lanak egiteaz. Egitasmoa 16-24 urte bitarteko durangarrei zuzenduta dago. Saioak debalde eskainiko dituzte. "Saioetako batzuk Intxaurrondoko eraikinean eskainiko ditugu. Beste batzuk Ekana gure zentroan. Dena dela, ahaleginduko gara ahalik eta saio gehien aire zabalean egiten", adierazi du Ekana zentroko Jokin Idirin ordezkariak. 

Izen ematea, astelehenetik aurrera

Ikastaroetan izena eman gura duenak nahikoa du astelehenetik aurrera durango. eus edo ekana.es/kzk web guneetara jotzea. Bertan topatuko ditu aktibitate bakoitzaren xehetasunak eta egutegiak. Honako telefono zenbaki hauek ere eskuragarri daude: 946 030 030 eta 630 815 243. Ane Abanzabalegi eta Julián Ríos zinegotziek diotenez, "proiektu honen bitartez aukera berri bat" eskaini gura zaie Durangoko gazteei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!