Bi urteko geldialdiaren ostean, gaztetuta itzuliko da Durangoko Pasinoa

Aritz Maldonado 2022ko api. 5a, 18:25

Durangoko Pasioko protagonistak, udal ordezkariekin.

Apirilaren 13an, 14an eta 15ean egingo dituzte emanaldiak, 21:00etan, Santa Anan, ohiko formatuan. Obra Marcos Etxartek zuzenduko du, eta Markel Ganboa eta Sheila Ceide izango dira protagonistak, Jesus eta Maria. Obraren ikuspuntua gaztetzen saiatu dela azaldu du Etxartek aurkezpenean, betiere "istorioagaz lotura mantenduta".

Bi urteko etenaldiaren ostean, gaztetuta itzuliko da Durangoko Pasinoa. Protagonistak izango diren Ganboak eta Ceidek urte askoan parte hartu dute bertan, aurten baina, lehenengo biderra izango dute protagonista legez. Zuzendaritzaz Marcos Etxarte arduratuko da, "azken urteetan egon den zuzendaririk gazteena, aldearekin", aurkezpenean azpimarratu duten bezala. "Gazteen energia hau aprobetxatu behar dugu" azaldu dute elkarteko kideek. Aurtengoan, emakume gehiagok parte hartuko dutela nabarmendu gura izan dute, baita ere. "Garrantzitsua da emakumeei ere pertsonaia gehigoren paperak ematea, berdintasuna horrelako ekintzekin lortzen da".

Ima Garrastatxu eta Julian Rios alkate eta alkateordeak Juan de Iciar elkartearen lana azpimarratu dute. "Harro nago zuen lanagaz, gazteak ilusioz lan egiten ikusteaz" esan du lehenak; "Geldialdiek elkarteen ibilbideetan kalte handiak egiten ari dira, baina zuek Pasinoarekiko pasioa erakutsi duzue" Riosek. 

Azken entsegu orokorra apirilaren 12an egingo dute, eta ordura bitartean, dei egin diete parte hartzea gura duten bizilagunei entseguetara hurbiltzeko. 

Sarrerak salgai

Emanaldi bakoitzeko aforoa 250 pertsonakoa izango da, eta antolatzaileek sarrerak aurretiaz erosteko gomendioa egin dute. Horretarako, sarrerak El Arco tabernan, edota 661088324 telefonora deituta erosi ahalko dira; online bidez saltzen saiatuko dira, baita ere.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!