Aparkaleku eta zikinkeria arazoak "ahalik eta lasterren" konpontzea eskatu du DAZek

Anboto 2022ko api. 5a, 13:34

Aparkalekuen arazoari buruz berba egin behar dela esan dute, "baina inola ere ez da inposatu behar, hori baita udalak egiten duena", kritikatu dute. Zaratei eta ospakizunetako zikinkeriei aurre egiteko "Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren presentzia handitzea" eskatu dute.

Durangoko Alde Zaharreko bizilagunen elkarteak aparkalekuen arazoari eta Alde Zaharrean pilatzen diren zikinkeriei heltzea eskatu dio udalari. Elkartea kexu da, aspalditik egindako eskaera horiek erantzunik ez dutela iritzi dio. DAZen berbetan, udalak "orain arte zeuden aparkalekuak baliogabetu" ditu asteburuetan, eta horrek "zailtasun handiak" ekarri dizkie garaje-plazarik ez duten bizilagunei. "Arazo horri buruz berba egin behar da, aukera egingarriak bilatu behar dira, horien ezarpena baloratu behar da, baina inola ere ez da inposatu behar, hori baita udalak egiten duena, bizilagunekin berba egin duela argudiatuz", kritikatu dute.

Zaratari eta zikinkeriari buruz ere, beste horrenbeste. Inauterietan gertatutakoa "zentzubakokeriaren adibide garbia" izan dela dio DAZek. "Gehiegizko zarata" sortu eta "espazio publikoak zikindu" direla eta, auzotarren elkarteak dio administrazioak horrelako egoerak "aurreikusi" behar dituela. Hori dela eta, udalari eskatu diote hondakinak batzeko edukiontziak ipintzeko, pixatokiak ipintzeko eta "Udaltzaingoaren zein Ertzaintzaren presentzia handitzeko". 

Zuntz optikoa ere bai

Bestalde, zuntz optikoa ipintzea "ezinbestekoa" dela iritzi diote, bai bizilagunentzako eta baita Ticketbai sistema duten saltokientzako. Arazo bera duten beste udalerri batzuk ipini dituzte adibide modura: Donostia, Arrasate eta Gasteiz. "Hirigune historikoetan inplikatutako kolektiboak batzeko gai izan dira, hala nola auzotarrak eta dendak, eta zerbitzu horien hornitzaile diren teknologia-enpresekin eta administrazioarekin batera, alternatibak baloratzeko eta konponbideak errazteko saiakera egin dute". Bide hori bera eskatu dute Durangoko Alde Zaharrarentzat. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!