350 ikasle inguruk Mañaria eta Ibaizabal errekak garbituko dituzte aste osoan zehar

Anboto 2022ko api. 4a, 12:07

Garbiketa apirilaren 4tik 8ra egingo da, eta ibaietan jasotako hondakinak Ezkurdin ikusaraziko dira ondoren.

Uraren Nazioarteko Egunaren baitan, Durangoko Udalak eta Agenda 2030 proiektuaren baitan dauden Landako, Zabalarra, Fray Juan de Zumarraga, Nevers, Ibaizabal, San Jose Jesuitak, San Antonio eta Kurutziaga ikastolak Durangotik igarotzen diren Mañaria eta Ibaizabal ibaietan dauden hondakinak jasoko dituzte gaurtik barikura.

Aste osoan zehar, 350 ikasle inguru arituko dira erreka ertzetan dauden hondakinak bertatik jasotzen. Ekimen honen helburua herritarren artean errekak garbi mantentzeko sentsibilizazio kanpaina martxan jartzea izango da.

Horretarako, Durangoko Udalak baliabide material ezberdinak erraztuko dizkie ikasleei, eta, behin hondakin guztiak jasota, horiek Ezkurdiko plazan erakutsiko dira apirilaren 11ra arte herritarrak kontzientziatzeko asmoz. Ostean, Udaleko garbitasun zerbitzuek zabor guztia erretiratuko dute.

“Denon ardura da errekak garbi mantentzea. Horregatik, ikastetxeekin batera egingo dugun lanketa honen bitartez errekara botatzen diren hondakin guztiak ikusaraziko ditugu. Helburua da horrelako ekintzak sahiestea eta geroz eta erreka garbiagoak izaten ahalegintzea”, adierazi dute Aritz Bravo eta Patxi Lakuntza zinegotziek ohar batean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!