"Alemania Europako herrialde gorena da banku publikoaren erabileran; eredu hori eskatzen dugu Euskal Herriarentzat"

Anboto 2022ko api. 3a, 10:00

Durangoko pentsiodunak kexu dira. "Kaltetuta" sentitzen dira bankuek eskaintzen dituzten zerbitzuei eta aurrez aurreko arretari dagokienez. "Bankuek bost urtean egin gura zuten digitalizazio prozesua, baina hori baino azkarrago egin dute, noiz eta izurri kriminal bat tartean egon denean. Prozesu digitala hain azkar egiteak azpiklaseak sortu ditu gizartean, eta horrek zaurgarritasuna ekarri du hainbat kolektibotara.

Bankuek euren boterea erabiltzen dute euren araua ezartzeko. Adinduak kolektibo kaltetua garela da gure balorazioa", esan dute pentsiodunek. Hori dela-eta mozio bat eraman dute Durangoko osoko bilkurara. Euren eskakizunak babesteko eskatu diete politikariei. Hauxe eskatu dute: bankuek aurrez aurreko arreta zerbitzua bermatzea, itxarongela bat ipintzea, zordunpeko kreditu txartelak komisiorik barik eskaintzea eta banku publikoa sortzea. 

Azken puntu hau da, hain zuzen ere, eskarien ardatza. Eta plenoan zeresanik gehien eman duena. "Banku publikoa gura dugu, etikoagoa izango den banku bat edukitzeko, hain zuzen ere. Espainiako estatua da banku publikorik gutxien duen Europako herrialdeetariko bat. Modernitatearen eta ongizatearen eredutzat dugun Alemania, ostera, banku publikoa gehien erabiltzen duen herrialdea da Europan. Eta horixe da Euskal Herriarentzat eskatzen duguna: banku publikoa", adierazi dute pentsiodunek. "Banku publikoa herritarren zerbitzura egongo litzateke. Izan ere, bereizi egin behar dira zerbitzu publikoa eta zerbitzu pribatua", gaineratu dute. 

Pentsiodunen mozioak gobernu taldeko kideen botoekin egin du aurrera. Oposizioko alderdiek bat egin dute eskarietariko batzuetan, baina "desadostasunak" eta "zalantzak" agertu dituzte banku publikoari loturiko puntuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!