Durangoko bonbardaketaren inguruko erakusketa inauguratu dute

Anboto 2022ko mar. 31a, 18:54
Jorge Garciaren 'Gerra, bonbardaketak, erbestea' koadroa da erakusketako osagai bat.

San Agustin kulturguneko sarreran dago ikusgai apirila amaitu arte.

Manuel de Larramendi Institutu Bibliographikoak antolatu du erakusketa udalaren babesarekin. Institutuko zuzendaria Leopoldo Zugaza (Durango, 1932) kultur sustatzaile eta historialaria da eta bere ekimenez ikusi du argia apirila amaitu arte ostegun, larunbat eta igandeetan bisitatu ahalko den erakusketak. 

Zugaza inaugurazio ekitaldian parte hartzekoa zen, baina azkenean ezin izan du bertaratu. Bere ordez, erakusketa antolatzen lankide izan duen Jose Julian Bakedano (Durango, 1948) idazle eta zinemagileak eman ditu azalpenak. "Erakusketa dokumentatua da. Gerra Zibilaren gaineko testigantzak jaso dira hainbat bidetatik; kartelak, argazkiak, koadroak...", azaldu du. 

Erakusketako osagai bat Jorge Garcia margolariaren koadroa da, sei metro zabal eta metro bi garai dena. Bertan Gerra Zibila eta bere ondorioak islatzen ditu: Gernikako eta Durangoko bonbardaketak, fronteko gatazka eta exilioa. Oraingo hau koadroa publikoki erakusken den bigarren aldia da. Orain urte batzuk Zarautzen erakutsi zuten lehenengoz. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!