Martxoaren 12an eta 13an, 'Taran Tran Transición. Lluvia, grises y las 5.000 amantes del rey' ikuskizuna estreinatu zenuten. Zelako harrera izan zuen?
Egun bietako sarrerak agortu ziren. Gogoa geneukan jendearen erreakzioa ikusi eta entzuteko; azken finean, obra guztian zehar historian baztertuta izan diren istorioak kontatzen dira. Honek esan gura du antzezlanak kolokan ipintzen duela trantsizioari buruz kontatu diguten narrazio ofiziala.
Zelan Bea Insagaz eta Angel Mirougaz lanean? Ezagutzen zenituen?
Beak eta biok orain lau urte ezagutu genuen elkar. Nigaz hartu-emanetan ipini ziren Hipolito, revisión contemporánea del mito de Fedra obran parte hartzeko. Harrezkero, euren zenbait ikuskizunetan parte hartzen dut, aldiro. Angel ikuskizun honetarako lanean ezagutu dut.
Zertan inspiratu zara obrari musika ipintzeko?
Beak eta Angelek ideia edo abestiren bat proposatu zidaten momentu batzuetarako, eta biolontxeloaren bitartez islatuta agertzen dira ikuskizunean. Horrez gainera, idatzida ez dauden "efektuak" jotzen ditut, eszenako momentu batzuk azpimarratzeko.
Ez da parte hartu duzun lehenengo antzezlana. Gustuko duzu diziplina anitzeko horrelako obretan parte hartzea?
Horrelako proiektuetan parte hartzea beti da atsegina. Kasu honetan, antzerkia gertuagotik bizitzeko eta ikasteko balio izan dit, nahiz eta musikak eta antzerkiak hartu-eman estua izan duten beti. Barruan zauden arte ez dituzu benetako zirrikituak ezagutzen, eta laudagarria da.
Apirilaren 2an Durangon eskainiko duzue, San Agustinen. Gogotsu zaude?
Etxean aritzea gogo handiz hartzen dut beti. Nerbioak bereziak dira, baina pozik jartzen nau gertuko dudan jendea butaketan ikusteak eta sentitzeak.
Besteak beste, bertan egindako erresidentzia bati eskerrak garatu ahal izan duzue proiektua. Zenbaterainoko dira lagungarriak?
Horrelako guneak edukitzea ezinbestekoa da. Proiektu hauek, hutsetik hasten direnak, denbora behar dute garatu eta lantzeko. Askotan, hasieran argi dituzun ideiak azkenean ez dira burutzen, edo aldatu egiten dira norbaitek proposamen berri bat egin duelako; beraz, saiakera asko eta ezberdinak egin behar dira gura duzun hori lortu arte.
Oker ez banago, 'Contado por ellas' antzezlanagaz saio mordoa egin zenuten. Honegaz ere helburu berdina duzue?
Oraingoz, proiektu honegaz antzezpen bi egin ditugu Bilbon, eta apirilaren 2an Durangon egongo gara. Uste dut udazken alderako ere badugula zeozer lotuta.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Oraingoz, antzerki arloan murgilduta ibiliko naiz. Esate baterako, Hipolito obragaz Zaragozan eta Teruelen izango gara.