[BIDEOA] Durangoko eragile feministek Berdintasun Plan berria ondu dute udalagaz

Anboto 2022ko mar. 30a, 10:02

Herrian egiten den III. Berdintasun Plana da. Gaurko osoko bilkuran sartuko da indarrean. Testuak barnebiltzen dituen ardatzetako batzuk zaintza lanak, ekonomia feminista eta intersekzionalitatea dira.

Durangoko mugimendu feministak eta udalak Berdintasun Plan berria sortu dute. Testua atzo iluntzean aurkeztu zuten Arte eta Historia Museoan, eta iluntze honetako osoko bilkuran onartuko dute, aurreikuspenen arabera. Udalak dioenez, Berdintasun Plan berriak "salto kualitatibo" bat ekarriko du. 2027ra arte egongo da indarrean, eta besteak beste honako erronkak izango ditu lantzeko: emakume gehiagorengana eta anitzagoengana iristea, zaintza lanak ikusarazteko eta demokratizatzeko lanean jarraitzea, zaintza lanen diagnostikoa egitea, gizarte antolaketa erantzukidean sakontzea, ekonomia feminista aintzat hartzea eta intersekzionalitatea kontuan hartzea. 

Udal agintariek testuaren lanketan parte hartu duten eragile feministen lana eskertu dute. "Historikoki Durangon emakume asko egon dira berdintasunaren gaia oso presente izan dutenak euren bizitzetan eta gaia lehen lerrora ekartzen lagundu dutenak. Ondare hori balioan jarri nahi dugu, izan ere, III. Planaren garapenerako akuilu izango da. Bestetik, III. Plan honek ez luke alde batera utzi behar pandemiak eragindako krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioa. Izan ere, errealitate horrek areagotu egin ditu emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak, eta handitu egin ditu arrakala guztiak”, adierazi dute Ima Garrastatxuk eta Julián Riosek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!