Hobi komunetan lurperatu zituztenen senideek hartuko dute omenaldi ekitaldiko lehen lerroa

Anboto 2022ko mar. 29a, 20:15

2012ko martxoaren 31n Durangoko bonbardaketa gogoratzeko egindako ekitaldia.

Durangoko bonbardaketaren oroimen ekitaldia eguenean izango da, Andra Mariko elizpean 19:30ean. Ekitaldia Gerediaga elkarteak antolatuko du Kriskitinegaz. Oroimena, musika eta dantza batuko dituzte bertan.

Gerediaga elkarteak ekitaldi bi antolatuko ditu asteon Durangoko bonbardaketa gogoratzeko. Batetik, oroimen ekitaldia dago. Urtero legez, Andra Mariko elizpean egingo dena. Gerediagak jakinarazi duenez, aurtengo edizioaren ardatza, kanposantuan, hobi komunetan sartu zituzten biktimak izango dira. Haien oinordekoek jasoko dute lurperatu zituztenen aitortza. Kriskitin Dantza Taldeak oroimen ekitaldian parte hartuko du, lore-eskaintza egingo dute, eta ekitaldian zehar ez dira musikariak faltako. Durangoko musikariek eta musika taldeek hiru abesti interpretatuko dituzte. Ander Erzilla eta Daniel Del Valle; Erika Lagoma, Onintze Azkarate eta Amaia Jaio, eta Insomnia musika taldea izango dira bertan.

Bestalde, Jon Irazabalek liburu berri bat aurkeztuko du eguaztenean. Azken 20 urteotako ikerketak barnebiltzen dituen liburua izango da honakoa, 2001. urtean kaleratu zuena osatzera datorrena. Durangoko Udalak diruz lagundutako argitalpena da, eta Gerediaga elkartea arduratuko da banaketaz eta salmentaz. Bonbardaketaren harira antolatzen diren ekitaldi esanguratsu guztietan izango da eskuragai 10 euroren truke. Liburu berriaren aurkezpena eguaztenean izango da, hilaren 30ean, 19:00etan, Kurutzesantun.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!