Durangoko pentsiodunen mugimenduak bat egin du Korrikagaz eta lekukoa eramango dute kilometro batean

Joseba Derteano 2022ko mar. 29a, 12:52

Durangoko pentsiodunen mugimenduko kideen ahotik ere euskararen aldeko aldarriak entzungo dira apirilaren 1ean. Talde eragiletik irtendako ideia aho batez onartu zuten astelehenean, udaletxe aurreko plazan egindako batzar irekian. "Pentsiodunak mugimendu bat garen neurrian, gizarteko maila guztietan gure ekarpena egitea egokitzen zaigu eta euskara eta Korrika dira euretariko bat", azaldu du Marilo Aldeanuevak, Durangoko pentsiodunen mugimenduko kideak. 

Durango inguruan eramango dute lekukoa kilometro batean. Oraindino ez dute erabaki nortzuek eramango duten, baina argi dutena da ez dela pertsona bakarra izango. "Talde bat gara eta hainbaten artean eramango dugu", dio Aldeanuevak. 

Euskararen egoera zelan ikusten duten galdetuta, esperantzarako zantzuak ikusten dituzte, baina oraindino egiteko asko dagoela uste dute mugimenduko kideek, batez ere erabileran. Frankismoko sasoi gogorrak gogora ekarrita, gaur egun gazteek euskaraz "gehiago" egiten dutela nabaritu du Pilar Txuntxurretak, eta horrek "poztu" egiten du. "Gure gaztaroan egoera beste bat zen", dio. Peio Elexperen iritziz, gazteen artean euskararen erabilera "gutxitu" egiten da "gauetan, jaigiroan dabiltzanean", eta gaztelaniara jotzen dutela dio. Aldeanuevaren esanetan, geografiak ere markatzen du erabilera maila. "Lagun talde baten ondotik pasatzean, belarria hemen edo Markinan ipini, esaterako, emaitza oso desberdina da", argitu du. Horiek horrela, "euskararekiko jarrera geroago eta zabalagoa" dela uste du Aldeanuevak, baina oraindino "falta zaigula" normaltasunera heltzeko.

Mozioa udaletxean
Beste herri askotako pentsiodunen mugimenduak lez, Durangokoa ere astero batzen da. Batzar horietan, nagusien arloko politiketan egondako azken albisteen errepasoa eta interpretazioa egiten dute eta aurrera begirako pausoak finkatzen dituzte. 

Esaterako, astelehen honetan, Durangoko udalbatzarrean mozio bat sartu zutela iragarri zuten. Bankuen gaineko mozioa da. Pil-pilean dagoen gaia da. Bankuetan aurrez aurreko arreta zerbitzua gutxitzen joan da azken urteetan. Horrek nagusien haserrea eragin du. Joera hori geratzeko, sinadura bilketa bat egin zuten eta arrakasta izan zuen (640.000 sinadura). Horren ondoren, banku askok aurrez aurreko zerbitzua handitu egingo zutela iragarri zuten. "Ez gara fidatzen", dio Elexpek. "Oraindino bankuetan pertsona ilarak ikusten ditugu eta, edozelan ere, ez dakigu erabakiek noiz arte iraungo duten", gaineratu du. Horregaitik sartu dute mozioa. Bertan, banku publikoa aldarrikatu, leihatilak lanaldi osoz zabalik egotea eskatu eta bankuak eta sukurtsalak ez ixteko eskatzen dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!