Airearen kalitatea

Bentzeno isurien jatorria bilatzeko "azterlan partekatu bat" eskatu diote Jaurlaritzari

Anboto 2022ko mar. 30a, 21:41

Durangoko eta Iurretako airearen kalitatearen diagnostiko berri bat egitea eskatu dute Durangoko plenoan, “udal biak prozesu osoaren partaide eginez, eta bentzeno kontzentrazio handien fokuak identifikatzeko". EAJk airearen kalitateari buruzko saio informatiboa eskatu du. Ingurumen Sailak eskainiko luke saio hori.

Durangoko udalbatzak airearen kalitateari buruz eztabaidatu du iluntze honetako osoko bilkuran. Gobernu taldeak mozio bat eraman du plenora eta Jaurlaritzari eskatu dio bentzenoen jatorria bilatzeko "azterlan partekatua" egiteko. Ikerketa partekatu horrek Durangoko eta Iurretako udalerriei eragingo lieke eta gobernu taldearen berbetan "bentzenoaren jatorria ikertzeko" balioko luke. Mozioak jasotzen duenez, premiazkoa da "beharrezko bitartekoak ipintzea" eta "lan-mahaiak" sortzea, "herritarrak kutsaduratik babesteko eta neurriak elkarrekin lantzeko.

Adierazpenak honako puntu hauek jasotzen ditu, besteak beste:

  • Durangoko eta Iurretako airearen kalitatearen diagnostiko berri bat egitea, udal biak diagnostiko prozesu osoaren partaide eginez, eta bentzeno kontzentrazio handien fokuak identifikatzeko.
  • Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako airearen kalitateari dagozkion parametroak eguneratzea, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen dituen balioak beteta.
  • Lan-mahai bat sortzea Osasun Saileko eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko ordezkariekin, udaletako ordezkariekin eta egiaztatutako erakunde ekologistetako ordezkariekin.

EAJk informazio saio "garden eta irekia" eskatu du

Durangoko EAJk atea zabalik utzi dio eragileen arteko mahai tekniko bat osatzeari, baina beste proposamen bat ere eraman du plenora. Durangoko eta eskualdeko airearen kalitateari buruzko saio informatibo bat egitea eskatu du. Jeltzaleen berbetan, Durangoko herritarrek ez dute informazio garrantzitsurik "hartzen ari diren neurriei eta lortzen ari diren emaitzei buruz". Horregatik, "beharrezkotzat" jo dute Durangoko herritarrei informazioa "gardentasun osoz" eta modu "irekian" helaraztea. Jeltzaleek proposaturiko informazio saio hori Ingurumen Saileko arduradunek emango lukete. Informazio saio hori gobernu taldearen mozioan txertatzea eskaini dio EH Bilduk EAJri, baina, jeltzaleak ez dira eskaintza horren aurrean posizionatu, momentuz.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!