San Jose Jesuitak ikastetxeko ikasle bi dira proiektua martxan ipini dutenak: Irene Antxia eta Naroa Mendazona. Saskibaloian ahalegindu ziren, baina ez zituzten hautatu. Orduan, boleibol talde bat sortzea erabaki zuten. Baina, zergaitik hain kirol arrotza? "Nire osaba boleibol entrenatzailea da Haron, Errioxan, eta udan boleibolean jokatu izan dut han. Horregaitik aukeratu genuen kirol hau", azaldu du Antxiak.
Durangon kartelak ipintzea izan zen lehenengo pausoa. Biek kadete adina dute eta adin horretako taldea sortu gura zuten. 40 erantzun jaso zituzten. "Ez genuen horrelako harrerarik espero, inondik inora ere ez", diote. Oraintsu, 19 erantzun jaso dituzte haur kategoriako taldea sortzeko. Hurrengo pausoa kimu mailakoa sortzea izango da. Klubari buruz gehiago jakiteko, helbide elektroniko bat sortu dute: durangoboleifemeninoa@gmail.com.
Une honetan, kluba ofizialki sortzeko prozesuan dago. Klubaren izena Sapuherri izan dadin ahaleginduko dira, sasoi batean Durangon egon zen klubari erreferentzia eginez. Datorren denboralditik aurrera ligan estreinatu gura dute. Oraingoz, Maristak Ikastetxean entrenatzen dira, Jone Legarra, Ezti Unzueta eta Garazi Otaduy entrenatzaileeen aginduetara. Maiatzetik aurrera, hondartzako boleibol torneoetan jokatzeko asmoa dute.
15 bat urte joan dira Durangon Sapuherri taldea desagertu zenetik. Gero, 2014an Sapuherri-Kurutziaga taldea sortu zuten nesketan. Proiektu hark lau-bost urte iraun zuen. Oraingoa saiakera berria da.