Durangoko Udalak Merkatu honek izenak dauzka izeneko kanpaina ipini du martxan, Merkatu Plazako eraikinean egiten diren salerosketak sustatzeko asmoz. Egunotan plaka dekoratibo batzuk ipini ditu eraikinaren sarreretan, eta datozen egunetan oihalezko poltsak banatzeari ekingo diola aurreratu du. Horrez gainera, San Agustin Kulturguneko ikuskizunetarako sarrerak zozkatuko dituzte erosketak Merkatu plazan egiten dituzten herritarren artean.
Bestalde, udalak adierazi du eskuartean duela eraikina berritzeko proiektua. Uda aurretik aurreproiektuaren testua prest izatea gura du. “Durangoko Ezkurdiko frontoian edo kioskoan bezala, Durangoko azoka historiko honek bere distira berreskuratzea nahi dugu. Horregatik, espazioa erabat birmoldatzeko lanean ari gara. Baina, gauzatzen den bitartean, merkatuan lan egiten duten tokiko ekoizleen kalitatea eta hurbiltasuna aldarrikatu nahi ditugu”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.
Ez da Merkatu plaza biziberritzeko martxan ipinitako proiektu bakarra. Azken hilabeteotan zuzeneko sukaldaritza saioak eskaini dituzte merkatuan bertan, Sukaldaritza Sortzen egitasmoaren barruan.