Gaur egungo faxismoa aztertzeko berbaldia eskainiko dute Durangon

Anboto 2022ko mar. 24a, 10:25

Ultraeskuinaren kontrako mobilizazioa Santa Anan, 2019ko azaroan.

Ernai gazte erakundeak eskainiko du berbaldia, bonbardaketaren urteurreneko testuinguruan. Apirilaren 2an izango da, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako aretoan, 17:00etan.

Bonbardaketatik 85 beteko direla eta, Ernai gazte antolakundeak gaur egungo faxismoa aztertzeko dinamika abiatuko du Durango 1937-2022 izenburupean. Gazte erakundearen iritziz, gizartea "faxismoaren oldarraldi berri baten agertokian" dago, besteak beste, eskuin muturrak "agenda markatzeko gaitasuna" lortu duelako. Ernaik faxismoaren adierazpideen artean kokatu ditu matxismoa, LGTBfobia, arrazakeria eta euskaldunekiko gorrotoa. 

"Gertaturikoa berriz ez errepikatzeko" eta Durangoko bonbardaketaren urteurrena baliatuta, apirilaren 2an arratsalde osoko egitaraua antolatuko dute. 17.00etan Durangoko Musika Eskolan Faxismoa 2022.urtean berbaldia eskainiko dute. Gero, 19:00etan, mobilizazioa egingo dute Antifaxistak atzo eta gaur lemapean. Manifestazioak Andra Maritik irtengo du. Azkenik, 21.00etatik aurrera Dube, Hatxe eta Selektah Stepi (Band Sound) & Lagunaken kontzertuak egongo dira Sorginolan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!