Etxebizitzen %10,6, hutsik. Horixe da Durangoko Udalak egindako ikerketa demografikoak utzi duen daturik esanguratsuena. Herriko hamar etxebizitzatatik bat erabili barik dagoela. Datu hori, baina, oso aldakorra da udalerriko auzo eremuen arabera. Etxebizitza hutsen kopurua are eta argiagoa baita erdigunean. Hona hemen hiru datu: Alde Zaharreko Hegoaldean %22 dira hutsik dauden etxebizitzak. Alde Zaharreko Iparraldean, %17,5. Eta Ezkurdiko eremuan, %21,6. Ikerketa egiteaz arduratu den kideetako bat Julen Landa da. Gislan aholkularitza eta ikerketa etxeko teknikaria. Bere esanetan, eremu horietan kokatzen dira udalerriko etxebizitzarik zaharrenak, eta horrek azaldu ahalko luke, hein handi batean, etxebizitza hutsen kopurua altuagoa izatea erdigunean.
Kontrako aldean, berriz, Ibaizabal auzoa (etxebizitzen %6,3 hutsik dago bertan), Muruetatorre (%6) eta San Inazio (%5,2) daude. Landaren berbetan, udalerrian 1.400 etxebizitza huts baino gehiago dago, eta euretako %80 horrela daude azken bi urteotan. Dena den, Landak gaineratu du Durangoko datuak "ohikoak" direla Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datu orokorren aldean. "Durangokoa ohiko fenomenoa da. Etxebizitza hutsen tasa altuagoa zen duela hamar urte. Orain puntu bat azpitik dago, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoaren azpitik. Horrek adierazten duena da udalerriak presioa jasaten duela etxebizitza eskariari dagokionez", azaldu du Landak.
Udalak neurriak iragarri ditu
Ikerketa demografikoa eskutan, Durangoko Udalak herriaren etorkizuneko beharrizanak eta etxebizitza politikak islatu gura ditu Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean. "Orain, etxebizitza hutsak optimizatzeko neurriak hartzea dagokigu", adierazi du Iker Urkiza zinegotziak. "Ikerketa honek etxebizitza politikak definitzeko gakoak eskainiko dizkigu. Egungo etxebizitzaren egoera kudeatzeko, Plan Orokorrean islatzeko", gaineratu du Varelak.