Epifanio Osoro durangar anarkista Ezkabako desobiratuen artean egon daiteke

Anboto 2022ko mar. 22a, 14:06

Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Epifanio Osoro Ikobaltzeta Durangoko gazte anarkista izan zen. 1936ko azaroaren 1ean Iruñeko Ezkaba presondegian fusilatu zutena 22 urte zituenean.

1935eko maiatzean epaitu eta errudun zelakoan 10 urteko kartzela zigorra jaso zuen lapurreta egotzita, orduko agintari errepublikarrek ez baitzieten motibazio politikako ekintzatzat onartzen anarkistei. Altxamendu faxista gertatu aurretik, 1936ko ekainean hain zuzen, lekuz aldatu zuten Iruñea ondoko Ezkabako presondegira, eta han, preso harrapatu zuen gerrak. Faxistek, 1936ko azaroaren 1ean, hainbat preso anarkista fusilatu zituzten, ihesaldi baten ahalegina leporatuta, tartean Epifanio Osoro Ikobaltzeta.

"Gaur, 2022ko martxoaren 22an, prentsan irakurri dugu Ezkaba inguruetan Aranzadik eginiko desobiraketa lanetan 17 gorpu aurkitu dituztela, buruan pistola tiro bana dutenak. Antza, anarkistak izan ziren eta Ezkaba presondegian zeuden. Lurperatzerakoan leku gutxi erabili nahi ei zuten faxistek eta horregatik bi geruzatan jarri zituzten gorpuak", azaldu du Durango 1936 kultur elkarteak. Zaila izango da Osororen gorpua bertan dagoen argitzea. "Ez dakigu tartean Epifanioren gorpua dagoen, baina hala balitz ere, zaila izango da baieztatzea, guk dakigunagatik ez baitzuen ondorengorik, eta bere arreba bakarrak ezta ere", gaineratu du kultur elkarteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!