Durangoko duatloian bizikletako ibilbide berria estreinatuko dute domekan: Abadiñotik Durangora, Eguzkitza auzotik

Joseba Derteano 2022ko mar. 22a, 12:21

Gorka Uribeetxebarriaren oroimenezko duatloiak 14. aldia egingo du domeka honetan.  Aurten bere ohiko data berreskuratuko du, martxoa. Pandemiak eraginda, urrian egin zuten iaz, lasterketa herrikoiagaz batera, baina aurtendik aurrera bere ohiko datara itzuli gura dute.

Lasterketa bi egongo dira: sprint (5 km-20 km–2,5 km) eta supersprint (2,5–10–1,25) modalitatekoak. Azken hori iaz antolatu zuten lehenengoz, eta aurten eutsi egingo diote. Kadete eta gazte mailakoei bideratuta dago eta adin horietarako distantziarik egokiena dela uste dute MugarraTTko antolatzaileek. "Euren distantzia aproposa supersprinta da eta horregaitik antolatzen dugu", adierazi du triatloi taldeko Serafin Bereziartuak. 

Proba biak Ezkurdin hasiko dira: 11:30ean supersprinta eta 13:30ean sprinta. Guztira, 150 bat triatleta batzea itxaroten dute eta Bizkaiko txapelketa egongo da jokoan. Korrika Durangoko kaleetatik zehar ibiliko dira, urtero lez. Bizikletako ibilbidea, ostera, berria da. Lehenengoz, Abadiñorantz joango dira. Abadiñon, Lasuen enpresaren ondotik, Eguzkitza auzorantza doan bidea hartuko dute, eta handik bueltatuko dira Durangora.

Arrazoi bigaitik aukeratu dute ibilbide hori. Alde batetik, ezin zutelako N-634 errepidera sartu. Egun berean Bilbao-Bilbao martxa zikloturista dago eta errepide nazionala erabiliko dute. Horregaitik, Trafiko Zuzendaritzatik ez diete baimenik eman errepide hori erabiltzeko. Beraz, ezinezkoa zen Goiuria eta Garairako ohiko joan-etorria egitea. Bigarren arrazoia honako hau da: 10 kilometroko itzuli zirkular baten bila zebiltzan. "Oso ibilbide polita dela uste dugu eta pozik gaude", adierazi du Bereziartuak, eta ikusleentzat "abantailak" dituela uste du; izan ere, lehen irteten eta trantsizio gunera heltzen bakarrik ikusi zitezkeen triatletak bizikleta gainean. Orain, igarotzen ere ikusiko dituzte, sprint modalitatekoek buelta bi eman behar dituzte eta.

Goizean, umeak

Goizean zehar umeen lasterketak egingo dituzte: 10:00etan benjaminena, 10:15ean kimuena, eta 10:45ean haur kategoriakoena. Bakoitzak bere distantzia izango du. Izen-ematea aurretik egin daiteke btftriatloi@gmail.com helbidean, eta egunean bertan ere bai, 09:00etatik 09:45era bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!