Durangoko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, hilabete honetako osoko bilkuran 3,2 milioi euroko diru partida onartuko du Urki-Hegoalde saihesbidea amaitzeko. Udalak idatzita dauka proiektua, eta behin osoko bilkuran onartuta, izapideak hasiko ditu proiektua lehiaketa publikora ateratzeko. Bide horri eskerrak ibilgailuek Eguzkitzako industrialdetik N-623 errepidera irtengo dute, herrigunetik igaro barik. Hau da, Tabira aldetik Ona lantegia dagoen biribilgunera, zuzenean. Proiektua 2010ean sortu zen, baina ordutik amaitu barik dago. Orain, aurrekontu partida horrekin saihesbideari amaiera eman gura dio udalak.
Udal agintarien berbetan, Durangon gertatzen diren trafiko pilaketa handienak Abadiñoko sarreran, Faustebidea kalean, eta Gernikako Arbola plazako biribilgunean (Ertzaintzaren komisaldegi aurreko biribilgunean) egon ohi dira. Puntu horietan nahasten baitira erdigunera sartu gura duten autoak eta Izurtzarako bidea hartu gura dutenak. Obra horiekin Durangoko Udalak batetik besterako denbora murriztea gura du, herri erditik igarotzen diren ibilgailuak saihesteko. Era berean, saihesbideak Eguzkitzako industrialdea garatzen lagunduko du, etorkizunean, enpresak, Durangoko industria poloan kokatu daitezen.