“Heriotzaz gutxi hitz egiten dela esan ohi da; normala da, bestela bizitza oso zaila da”

Anboto 2022ko mar. 20a, 10:00

Durangon bizi den Andoni Urzelai (1967) idazle aretxabaletarrak bere bosgarren nobela publikatu du oraintsu: ‘Ametsen trafikatzailea’. Elkar argitaletxeagaz publikatu du eleberria, urte biko lanaren ondoren. Andoni Etxanoz psikiatra “makur eta handinahia” da nobelako protagonista; ametsak errealak balira lez gogoratzen laguntzen duen droga asmatu du, eta horregaz munduan bere aztarna uzteko helburuagaz jarraituko du lanean. Irakurleen feedbacka jasotzeko irrikan dago orain Urzelai.

Zeri buruzkoa da 'Ametsen trafikatzailea'?
Liburuaren premisa sinplea da: hilezkortasuna amets duen Andoni Etxanoz psikiatra makur eta handinahiak ametsak errealak balira lez gogoratzen laguntzen duen droga bat sortu du. Horrek inpaktu itzela du gizartean, herritarrek bezperan amesturikoa berregiten ematen dute-eta biharamuna. Gertakari horren harira doa eraikitzen trama osoa. Edozelan ere, nobela honetan gauzak ez dira ematen dutena, delirioaren azpimunduan gertatzen da-eta guztia. Andonik jaiotzatik uste du gauza handiak egiteko jaio dela, eta munduan bere aztarna uztea du helburu. Baina nobelak hainbat interpretazio du eta hau azalekoena da. Hain zuzen ere, horregaitik nago gogotsu irakurleen feedback horiek jasotzeko.

Eleberriak hiru zati nagusi ditu eta bakoitza kapitulu laburretan egituratuta dago. Nobela, bere horretan, fabula hiperboliko bat da, fantasia bat, eta iruditu zitzaidan egitura hori oso ondo zetorkiola kontakizunari. Nire kezka nagusietariko bat sinesgarritasunari eustea zen, izan ere, kontatzen dena oso muturrekoa da.

Gizartea ikusteko modu bat agertzen dela diozu, ez kritika modura.
Protagonista tipo amoral bat da. Ez du ezelango moralik, ez du ongia edo gaizkia desberdintzen, ankerra da, anbizioz betea. Irakurleen artean, hori existitzen ez dela uste duenik egon daiteke, baina egon, badaude. Ez da gaur egungo gizarteari kritika bat, gizartearen argazki bat erakutsi gura izan dut. Bere helburuak guztiaren gainetik daudela uste du, eta horregaitik barrabaskeria guztiak justifikatzen ditu. Edozer egiteko gai da, inolako damurik eduki barik. Tipoa ankerra da, baina enpatia daukat berekiko, neurri batean guztiok dugulako nahi eta ezin hori. Andonik bere aztarna utzi gura du munduan, eta neurri batean lortzen du droga hori sortuta; baina bizitzak, apurka, bera jango du gero. Hori ere oso ohikoa da gizartean, eta ez da erraza konturatzea bizitzak bere lekuan ipintzen zaituela.

Horri lotuta, ametsetan bizi gara?
Errealitatea, bakoitzari egokitzen zaiguna, hain da sarri aldatz gorakoa non ameskerian gotortzeko joera daukagun. Izan gaitezkeenaren peskizan bizi gara, benetan garena ahaztuz. Logikoa da hori hein batean, baina arrisku hori du: bizi dugun esistentzia-erreala gutxiestea. Sistemak, hazi eta hazi egin behar duenez, ez garen hori izan gaitezkeela sinetsarazi nahi digu uneoro. “No tenemos sueños baratos” zioen loteriaren iragarki ofizial negargarri batek: kontzeptu horretan laburbiltzen da dena. Baina hori guztia baino gehiago, bizitzaren “arrazionaltasuna” kritikatzen dut nobelan. Demencia liburuan ere egin nuen horrelako keinu existentzialista bat. Bizitzaren logika zaila da ulertzen. Jaio eta hil egiten gara eta egitate hori zaila da onartzen. Sarri aipatzen da gutxi hitz egiten dela heriotzari buruz. Normala iruditzen zait, ostantzean, erotu egingo ginateke. Jaiotzen garenetik hiltzen hasten gara eta hori asumitzea oso zaila da. Horregatik gura du Jon Andonik ere bere aztarna utzi, patuaren logika makurra hautsi eta egokitu zaion bizitza erreal hori traspasatzeko.

Nobela bera orain denbora bat amaitu zenuen idazten, ezta?
Bai, nik beti diot nobela bat amaitzerakoan hasten dela lanik gatxena. Baina ez literaturan bakarrik. Sortzaileen lanik gehienetan berdina gertatzen da. Sortzea gozamena da, baina egindako hori saldu egin behar duzu gero, eta hor hasten da benetako odisea. Sortzaile asko gaude; asko publikatzen da, baina sortu, askoz ere gehiago sortzen da. Eta argitaletxeetan muturra sartzea ez da erraza. Nire ustetan, arazo bi daude: alde batetik, asko sortzen da eta ez dago merkaturik idazle guztiontzat; bestetik, argitaletxeek aurreikuspen handiagaz lan egiten dute.

Zelan eragiten dizu horrek sorkuntzan?
Nik oso modu konpultsiboan idazten dut, ezingo nituzke gauza biak batera egin, lan egin eta idatzi. Idazten dudanean eguneko ordu denak eskaintzen dizkiot horri. Urte eta erdiz eguneroko lan bihurtzen dut idaztea, eta hor oso gustura nago, nire munduan. Idaztea kirola egitearen parekoa dela iruditzen zait, egunero eginez gero, makineria engrasaturik dago; bestela, gatxagoa egiten da. Horregaitik, nobela hasi eta amaitu segidan egiten dut.

Baduzu beste proiekturik buruan?
Esan dudan moduan, laneko parentesietan idazten dut. Orain, nobela proiektu bat dut esku artean; beka batera aurkeztu dut eta hurrengo parentesi hori baliatuko nuke idazteko. Baina oraingoz ez, ez nabil ezer idazten. Nire nobelen kasuan, oso azkar sartzen naiz bertan; behin hasita, hasi eta amaitu egin behar dut.   Beka gutxi dago, baina emanez gero, hasi eta amaitu egiten dut. Ez zait beste lan baten ere gertatu, iratzargailurik barik goizean goiz itzartu, kafe bizkor bat hartu eta idazten hastea, daukadan dena botatzea eta forma ematea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!