Kirola mugarik gabe

[BIDEOA] Geu Be taldearen eta pilota eskolaren tantoa, aurreiritziak apurtzeko partiduan

Ekaitz Herrera 2022ko mar. 18a, 09:30

Geu Be eta Durangoko pilota eskola elkarlanean aritu dira esku pilota eta pala saioak lantzen. Eragile biek elkarregaz lan egiten duten lehenengo aldia da, baina ez azkena. Elkarteek tanto gehiago lortu gura dutelako mugen kontrako partiduan. Izan ere, nork esan du kirolak mugak dituenik? Eurekin izan gara San Faustoko frontoian.

San Faustoko frontoiko atea zabaltzeagaz batera, jokoa, oihuak eta algarak. Baina ez zuriz jantzitako pilotarienak, ez babesleak dituzten kirolarienak. Geu Be taldeko kide nekaezinenak baino. Hortxe dabiltza, pala eskuan hartuta, edo eskuz, pilota indartsu jo eta hormaren kontra bidaltzen. Batzuk frontis aldean dabiltza jokatzen, beste batzuk ezker horman, eta banaka batzuk errebote aldean. Denak nahas-mahas, baina elkarregaz. Halako batean, oihu ozen bat. Frontoiko kide guztiak korro baten bueltan batu dira. Euretariko batek segidan landuko duten jokoari buruzko azalpenak emateari ekin dio. Txaber Zabala da, Durangoko pilota eskolako arduraduna. "Joko batean arituko gara, denok elkarregaz. Pilotan egingo dugu, frontisean. Huts egiten duenak frontisean geratu beharko du, eta beste inork pilota jotzerakoan hura harrapatzen ahalegindu beharko du berriro jokoan sartzeko", esan die Zabalak. Ekin diote jokoari. Barreak eta algarak ez dira falta.

"Geu Be taldean multikirola lantzen dugu, hile bakoitzean kirol bat. Ikusi genuen lantzen genituen kirolen artean ez zegoela pilota. Sekula ere ez dugu euskal pilota landu", azaldu du Julen Bengoak, elkarteko koordinatzaileak. Eta horri konponbidea ipini guran, Bengoak bere gertuko lagunengana jo zuen laguntasun eske. "Pilotan egiten dudanez, Txaber Zabalagaz ipini nintzen hartu-emanetan. Gure elkarteko kideekin euskal pilota landu genezakeela komentatu nion: esku pilota eta pala. Eta halantxik, elkarlan bat hasi dugu. Pilota eskolako kideekin batera entrenamendu batzuk egin ditugu", adierazi du Bengoak. Otsaileko lau asteetan zehar landu dute pilota, astean behin.

Entrenamenduak aurrera jarraitzen du. Frontiseko jokoa amaitu eta beste bati ekin diote segidan. Elkarteko kideek talde bi egin dituzte eta ilaran ipini dira. Frontisari begira ilara bat, eta errebotera begira bestea. "Entzun adi. Nik bat, bi eta hiru esandakoan, denek aldi berean jo beharko duzue pilota palagaz frontis aldera, ados?", esan du Zabalak. "Ondo ulertu duzue, ezta? Nik bat, bi eta hiru esandakoan". Bai, jakina. Baiezkoagaz erantzun dute denek. Hasi da entrenatzailea kontaketagaz: "Bat, bi eta... ", eta atoan egin dute gehienek sakea, gogoari ezin eutsita, hiru zenbakiari itxaron barik. "Baina ez al dugu esan hiru zenbatutakoan egingo dugula sakea? Bat eta bi baino ez dut esan", bota du Zabalak barre artean, jakinda apropos luzatu duela etena 'bi' esan eta gero. Txantxak dira, bihurrikeriak, kirola jolas modura hartzea ahalbidetzen dutenak. Horixe delako Geu Be-ren estiloa: umorea, elkarlana eta hurbiltzen denari irribarre bat ateratzea. "Elkarteko kideek pilota eta materiala ezagutzea da saio hauetako helburua. Berez, ez da  entrenamendua, jolasa baino. Eurentzat oso errazak izan daitezkeen jolasak eta kolpe motak lantzen ditugu. Azken finean, ondo pasatzea da asmoa, eta esku pilota eta pala jokoak ezagutzea", adierazi du Zabalak.

Muga barik
Julen Bengoak dioenez, pilota eskolaren eta Geu Be-ren arteko egitasmoak "harrera ona" izan du. "Gazteak gustura dabiltza, ondo pasatzen dute", dio. "Aurrera begira, zer? Bada, hazia ereinda dago. Beharbada pilota eskolagaz egin dugun elkarlan honek segida izango du aurrerantzean ere", dio koordinatzaileak. Txaber Zabalak ere beste horrenbeste dio. Pilota eskolak pozarren egin du elkarlana, eta seguru daude aurrerantzean ere izango dituztela antzera bateko elkarlanak. Gauza jakina da elkarlanarena. Geu Be-k urteak daramatzalako pertsonen gaitasunak askotarikoak izan daitezkeela aldarrikatzen Durangaldean. "Ez dago mugarik, inon ere. Geu Be-rentzat ez dago mugarik. Gure helburua ondo pasatzea da, ahal dugunagaz gozatzea", dio Bengoak. Horixe delako Geu Be-ren estiloa: elkarlana, umore dosi bat eta eguneroko lana, mugatzat hartzen diren aurreiritziak birrintzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!