Durangoko Udalak San Inazioko jolas parkea berritzeko lanak hasi ditu. Lanek bost hilabete iraungo dute eta aurreikuspenen arabera, parke berria uztailerako egongo da erabilgarri. Egurrezko altzariak eraikitzeaz gainera, jolasgune berri bat ipiniko dute adin talde desberdinentzat. Parkeak arrapala bikoitzeko tirolina, oreka horizontaleko jolasak eta sareak izango ditu, besteak beste. Tutu formako egiturak jolasgunearen erdialdea hartuko du, eta kaiak eta hegazkin itxurako elementua txintxaunen ondora lekualdatuko dituzte. Bestalde, parkeak atseden hartzeko guneak eta umeak zaintzeko guneak izango ditu.
Lanen aurrekontua 85.000 eurokoa da. Udal arduradunek umeen aisialdi eskaintza hobetzen jarraitzeko asmoak iragarri dituzte. Parke berriaren diseinuan Durangoko Familiak plataformak parte hartu du.