Durangarrek 2023ko udal aurrekontuen 800.000 euro nora bideratu erabakiko dute

Ekaitz Herrera 2022ko mar. 9a, 16:49

Udalak 800.000 euro bideratuko ditu datorren urteko aurrekontu parte hartzaileetara. 600.000 euro herriko sei auzo-eremuetako bakoitzera. Gainerako 200.000 euroak herri osorako proiektu orokorretara bideratuko dituzte.

Honako hauek dira sei zatitan banatutako guneak.

100.000 euro bideratuko dituzte euretariko bakoitzera:

  SAN ROKE: Aramotz, Alluitz, Askatasun Etorbidea, Errotaritxuena, Larrinagatxu, Momotxo eta Santa Luzia.

  SAN FAUSTO

•  LANDAKO: Muruetatorre, Ibaizabal, Landako, Matxinestarta, Olleria.

  MADALENA: San Inazio, Ermodo, Sasikoa, Mikeldi, Oiz, Fray Juan Zumarraga, Agirre Lehendakaria.

  ERDIGUNEA: Ezkurdi, Kurutziaga, Montevideo, Barandiaran, Antso Estegiz, J.M. Altuna, Astarloa.

  TABIRA: Eguzkitza, Arriluzea, Intxaurrondo, Zubiaurre, Tabirabide, Gasteiz bidea, Artabila, Juan Itziar.

EGUTEGIA ETA FASEAK

Aurrekontu parte hartzaileak faseka garatuko dituzte, honako egutegi honekin:

  LEHENENGO FASEA: Lehena proposamenak aurkeztekoa izango da. Udalari ideiaren bat edo proiekturen bat aurkeztu gura dionak partehartu.durango.eus web orrira jo beharko du martxoaren 15etik apirilaren 3ra. Bertan, udal eskumeneko edozein eremuri lotutako interes orokorreko proposamenak aurkeztu ahalko dira.

  BIGARREN FASEA: Apirilaren 11etik maiatzaren 1era bozketa fasea egongo da. Herritarrek gustukoen dituzten bost proposamen aukeratu beharko dute, "atsegin dut" botoia sakatuta. 

  HIRUGARREN FASEA: Udaleko bulego teknikoak puntuaziorik altuena duten proiektuak hartu eta euren bideragarritasuna aztertuko du, ikuspegi teknikotik eta juridikotik. Maiatzaren 3tik ekainaren 3ra arteko epea izango dute horretarako.

  LAUGARREN FASEA: Durangarrek langa juridikoak eta teknikoak igarotzea lortu duten proiektuen artean botoa eman beharko dute. (Ekainak 10-26).

  AZKEN FASEA: Aukeratutako proiektuak 2023ko udal aurrekontuan islatuta geratuko dira, diru poltsa agortu arteko aurrekontuagaz. Herritar bakoitzak bere auzo edo eremua kontsultatu dezake partehartu.durango.eus atarian.

UDALAK INFORMAZIO SAIOAK ANTOLATU DITU

Partehartze prozesua nolakoa izango den eta horren ezaugarriak durangarrei azaltzeko asmoz, udal arduradunek bilera sorta bat iragarri dute herriko auzoetan, egun eta leku hauetan:

  • Martxoak 15 / San Fausto / Eliza / 18:30
  • Martxoak 17 / Madalena / Ermita / 18:30
  • Martxoak 21 / Landako / Elkartegia / 18:30
  • Martxoak 22 / San Roke / Zabalarra ikastetxea / 18:30
  • Martxoak 23 / Tabira / Intxaurgune / 18:30
  • Martxoak 28 / Alde Zaharra eta Erdialdea / Osoko Bilkura Aretoa / 18:30
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!