Durangoko EAJk "triste" begiratzen dio tren geltokiaren proiektuari. Jeltzaleen arabera, gobernu taldeak Eusko Jaurlaritzagaz lorturiko akordiorako oinarria "txarra" da, eta epe motzera "aurrera egiteko benetako ezintasuna" ekarriko lioke Durangori. Mireia Elkoroiribe bozeramaileak dioenez, gobernu taldearen planteamenduak Hiri Antolamendurako Plan Orokor berri bat onartzea ekarriko luke, eta prozesu horrek "sei urteko geldiunea" ekarriko du, jeltzaleen arabera. Akordiorako oinarrian kritikatu dituzten beste puntu batzuk hauek dira: San Agustin ospitale zaharra eta Pinondo Etxea "galtzea", eta "etxebizitza-arloko udal politiken kudeaketa erabat galtzea".
EAJk duela urte batzuk planteaturikoa berretsi du: indarrean dagoen PERIari heltzea, proiektuak bere baitan eskaintzen dituen moldaketarako aukerak baliatuta. "18 solairutako dorreak egin barik, bestelako eraikinak egin daitezke, baxuagoak, zabalagoak", dio Elkoroiribek. Eta gaineratu du, "aukera bikaina" dela atzean utzitako ekipamendu espazioa berreskuratzeko. Jeltzaleek aurreratu dute gobernu taldearen proiektuarekiko alternatiba bat sortzen ari direla, eta laster emango dutela horren berri. Bestalde, gaur amaitzekoa den herri galdeketa kritikatu dute. Bozketa, "gobernu taldearen proposamena balizkotzeko antzerkia", euren esanetan. "Herritarrak egiazko informaziorik barik bultzatu dira botoa ematera", esan dute.