“Idatzi ahal izateko, batez ere entzun egin behar zaio jendeari”

Juan Luis Romatet (BALEIKE) 2022ko mar. 6a, 10:20

Angel Gallo idazleak EHUk antolatzen duen zientzia-fikziozko Alberto Magno Literatur Lehiaketa irabazi du, 'Azkarbideak' idatziarekin. Gallo Durangon jaio zen, baina Zumaian bizi da.

Alberto Magno Literatur Lehiaketa irabazi duzu. Zer lehiaketa da hori?
EHUk antolatzen duen lehiaketa bat da, 33 urtez jarraian antolatutakoa. Hasieran zerbait txikia zen, unibertsitateko jendearentzat, baina denborarekin hazten joan da. Esango nuke estatuan zientzia-fikzioaren arloko lehiaketarik ospetsuenetarikoa dela. Fama handia du mundu horretan sartuta daudenen artean, baina, egia esan, hortik kanpora ez du hainbesteko oihartzunik.

Zientzia-fikziozko idazlanen lehiaketa da. Ez dirudi hemen, Euskal Herrian, asko landu den generoa denik.
Euskal Herrian zer genero lantzen ditugu? Gaur egun pixkanaka zabaltzen dabil. Zientzia-fikziozko generoa oso hedatuta dago; asko irakurtzen da, baina sorkuntza aldetik ez da asko jorratzen. B serieko zerbaiten parekoa da. Zientzia-fikzioa aipatzen duzu eta Star Warsez ari zarela dirudi.

Zientzia-fikzioaren mundua oso zabala da. Zuk zer kontatu duzu?
Oinarria, izatez, gaur egun bizi dugun egoera bitxi bat da. Planeta faktoria handi bat izango balitz bezala erabiltzen dugu: kotoia Estatu Batuetan hartu eta Txinara eramaten dugu lantzeko; Europatik Indiara eramandako plastikoekin kamisetak egiten dituzte Bangladeshen. Beste planeta batzuk badaudela ikusita, agian etorkizun batean ez dugu gauza bera egingo unibertsoarekin. Hortik ekin nion narrazioari, errealitatearekin paralelotasun bat osatuta: ezagututako planeta bakoitzak bere funtzioa izango du, eta horrek bertan bizi direnen eskaerak moldatuko ditu. Planeta batetik bestera joateko, azkarbideak deitutako bide batzuk daude, zulo batzuk; ez dakigu ondo nola funtzionatzen duten, baina erabiltzen ditugu. Baina zerbaitek huts egingo du, eta hor gatazka bat sortuko da.

Ingeniaritza irakaslea zara Mondragon Unibertsitatean. Zure lanbideak lagundu al dizu istorio hau idazterako orduan?
Zientzia-fikzioa izanda, beti eduki behar du parte tekniko edo zientifiko bat, eta ezagutza hori badudanez, beti saiatzen naiz nire lanetan hori sartzen. Zientzia-fikzioa beti lotzen dugu gertatu ez diren gauzekin; errealak ez diren gauzak sartu behar dira. Baina saiatzen gara, nolabait, horiek gaur egungo aurrerapen teknologikoekin lotzen. Batetik, hori. Bestetik, unibertsitatean 17tik 21 urtera arteko gazteekin lan egiten dugu. Eurekin harremanetan gaude egun guztian, eta badakigu zer gustatzen zaien eta zer ez, zer irakurtzen duten eta zer ez. Haiengandik gertu egote horrek laguntzen dit hizkuntza eta erritmo motak definitzen. Bakoitzaren burbuilatik aterata, jendearekin interakzionatzeak ekartzen ditu halako abantailak. Esaten da idazteko irakurri egin behar dela, eta ados nago horrekin. Baina, batez ere, entzun egin behar zaio jendeari. Unibertsitateko lan horrek laguntzen du horretan.

Ez zara lehenengoz aurkeztu lehiaketa horretara. Emaitza onak lortu al dituzu besteetan ere?
Aurreko urte batzuetan ere aurkeztu izan naiz lehiaketa horretara, eta iaz bigarren geratu nintzen. Uste nuen hori izan zela nire topea. Mundu osoko 149 idazlan aurkeztu ziren; euskarazko lan batekin aurkeztu nintzen ni –kategoria bakarra dago– eta emaitza horrekin oso gustura nengoen; halako lehiaketa handi batean bigarren izatea izugarria iruditzen zitzaidan. Lehiaketa horretatik kanpora, ordea, genero guztietan idazten dut. Ez nago itxita beste genero batzuetara.

Julene Azpeitia lehiaketan ere sariak eskuratu izan dituzu.
Behin bigarren geratu nintzen lehiaketa horretan, bai, oraindik Zumaian bizi ez nintzenean; Zarautzen bizi nintzen garai hartan. Oso pozik nengoen. Orain, herrikoa izanik, pare bat aldiz lortu dut zumaiar onenaren saria. Julene Azpeitia oso ondo dago; idazlan laburrak egin behar dira, eta badakit maila oso ona dagoela. Urtero saiatzen naiz zerbait desberdina idazten. Askotan, idazten dudana ez da lehiaketa batean baloratuko den zerbait, baina saiatzen naiz gauza ezberdinak egiten, bestela aspertu egiten naiz.

Nondik datorkizu idazteko grina hori?
Ondo pasatzen dut idazten; gustatzen zait gauzak kontatzea, gauza txikiak lortzea. Horregatik jorratzen ditut estilo desberdinak. Honetaz bizi nahiko banu, edo esparru horretan aditua izan nahiko banu, gai txikitxo bat hartuko nuke, eta behin eta berriro landuko nuke. Baina niri ondo pasatzea gustatzen zait, eta zerbait idaztea estiloa, ideia edo sentimendua transmititzeko. Bizikletazalea naiz, eta askok esaten didate ea zergatik igotzen naizen mendi batera berriro jaitsi behar badut. Horrekin ez dut ezer irabazten, ondo sentitzen naiz; bada, idaztearekin ere hala gertatzen zait. Egia da, noizean behin, barruan duzun ideia bat islatzen duzula; izan daiteke beldur bat, poztasun bat, izan daiteke dena delakoa. Baina ez da beti hori.

Egindako idazlan horiek argitaratzen al dituzu ondoren?
Niretzat afizio bat da, eta bigarren parte hori, argitaletxeekin harremanetan jartzea-eta, ez zait batere gustatzen. Pare bat saiakera egin ditut, baina hortxe geratu dira. Hasieran, autoedizioaren munduan sartu nintzen. Izan ere, liburu bat idatzi nuen Peruko mutil batentzat dirua lortzeko, eta orduan bai, saiatu nintzen, eta liburu guztiak saldu ziren. Dirua bidali genion familiari, eta horrekin oso pozik geratu nintzen. Idatzi batzuk ere eginda dauzkat eta karpeta batean gordeta ditut. Neure buruari esaten diot egunen batean atera behar ditudala, eta badakit, gainera, nola atera nahi ditudan. Baina, zer nahi dut? Sortu ala dagoenari forma eman?... Nahiago izaten dut idatzi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!