Martxoak 8

Durangoko Mugimendu Feministak mural margotzea, bazkaria eta manifestazioa antolatu ditu M8rako

Anboto 2022ko mar. 2a, 12:11

Durangoko eragile feministek bilera bi antolatu dituzte Martxoaren 8ko aldarrikapenak prestatzeko. "Mobilizazioetara joateaz gainera, egunaren antolaketari berari ere garrantzia eman gura diogu", adierazi dute. Batzar horietatik abiatuta, M8ko egitaraua prestatu dute. Martxoaren 5ean mural margotzea egingo dute, Komentukalean, 10:00etan hasita. Ondoren, bazkari autogestionatuan elkartuko dira. Martxoaren 8rako manifestaziora deitu dute. 19:00etan hasiko da, Andra Maritik. Durangoko kaleak zeharkatuko dituzte.

Bestalde, Durangaldeko Itaia antolakundeak prest dauka Martxoaren 8rako mobilizazioa. Manifestazio bat eginda Durangoko kaleak zeharkatuko dituzte Emakume langileen askapenerako sozialismoa eraiki! lelopean.

Egitarau kulturala
La Dramática Errante antzerki taldeak Yerma antzezlana taularatuko du San Agustin kultur gunean, martxoaren 5ean. García Lorcaren obra gaur egungo sasoira egokituta aurkeztu du Ane Pikaza aktorea buru duen antzezlanak.

Bestalde, martxoaren 7an, Oneka pentsiodunen elkarteak Adineko emakumeok ez dugu amore ematen manifestua irakurriko du udaletxeko plazan.

Andraguneko tertulia literarioen partaideek txalaparta ikasleekin bat egingo dute Ana Malagonen testuak errezitatzeko. Andragunean elkartuko dira, martxoaren 18an, 18:30ean.

Abesti feministak
Abesti feministen IV. lehiaketako kontzertu finala San Agustin kultur gunean izango da entzungai, martxoaren 26an. Antolatzaileek jasotako lan musikalen artean  epaimahaiak finalerako sailkatu dituenak izango dira oholtza gainean. Gazteei zuzenduriko ekimen honen helburu nagusia genero berdintasuna gai duen sorkuntza eta hausnarketa bultzatzea da, esparru eta ekimen ludiko baten bitartez. Bakarlarien jatorrizko abestirik onena, taldeko jatorrizko abestirik onena, jatorrizko abestia ez den bakarlari emanaldirik onena eta taldeko jatorrizko abestirik onena sarituko dituzte. Bideoak eta abesti edo bertsoen letrak m8lehiaketa@gmail.com helbidera bidali behar dira, martxoaren 13a baino lehenago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!