Aukera Azoka indarberrituta dator arropen preziorik onenak eta gune gastronomikoa berreskuratuta

Ekaitz Herrera 2022ko ots. 25a, 17:00

Dendak Baik Aukera Azokaren XVII. edizioa egingo du hurrengo asteburuan, martxoaren 4tik 6ra. Arropa eskaintzez gainera, gune gastronomikoak eta tailerrak egongo dira Landako Gunean.

20.000 bisitari. Horixe da aurtengo Aukera Azokarako ipini duen langa. Jende kopuru hori erakarri gura dute Landako Gunera. Eta hori halantxik izan dadin, egitarau erakargarria prestatu dute. Urtero legez, azken denboraldietako arropak eskuratu ahalko dira preziorik onenetan. Baina bada gehiago. Iazko murrizketen ondoren, azokak gune gastronomikoa eta tailerrak berreskuratuko ditu eta.

Aurtengoa "normaltasunetik gertuago" egongo den azoka izatea gura dute. Horretaz arduratuko dira Durangoko eta Iurretako 20 establezimendu. 14, jantzigintzaren eta arropen sektorekoak izango dira. Umeentzako eta helduentzako moda, kirol arropak, oinetakoak eta optika egongo dira. Gainerakoak, ostalaritzaren sektorekoak izango dira. Baqué etxeak kafea eskainiko du, Gozatuk gozogintza produktuak, eta Saltsanek, pintxoak eta ardoa. Dendak Baiko Miren Garrastazu teknikariak gogoratu du iazko edizioan Durangoko herritarrek baino ezin izan zutela parte hartu izan, indarrean zegoen itxialdi perimetrala zela eta. Alde horretatik, antolatzaileek Durangoko zein eskualdeko herritarrak deitu dituzte Landako Gunera joatera.

Ipuin kontalariak, Txiki Parka, tailerrak eta musika

Aukera Azoka askotarikoa denez gero, antolatzaileek hainbat ekitaldi antolatu dute arropa eskaintzez gainera. Zapatuan, martxoaren 5ean, askotariko ekitaldiak egingo dituzte:

  • 11:00etan, Gozatu gozogintza etxeak umeentzako gozogintza tailerra eskainiko du.
  • 12:30ean, Kids&Us taldeko kideek umeentzako ipuinak kontatuko dituzte ingelesez. 
  • 19:30ean, Saltsanek edariak eta jatekoa uztartzeko dastaketa egingo du sakeagaz. Hori bai, dastaketa honetan parte hartzeko izena eman beharko da aurretiaz. 688773205 telefonora deituta egin beharko da erreserba, eguena baino lehen.
  • 18:00etatik gunea zarratu arte, Ek Ramirez Disko Jartzaileak musika ipiniko du.

Horrez gainera, umeek jolaserako gune propioa izango dute, udalak Txiki Parka ipiniko du-eta bertan. Aurreko edizioetan bezala, Aukera Azokara debalde sartu ahalko da eta erosketak egiten dituztenek doan aparkatu ahalko dute Landako Gunean, ordu bitan. Aurtengoa Aukera Azokaren XVII. edizioa izango da. Dendak Baik antolatuko du urtero legez, Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak lagunduta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!