“Entsegu lokalean hainbeste denbora igaro eta gero, diskoa kaleratzeko baino gehiago, zuzenean jotzeko gogoa dugu”

Aritz Maldonado 2022ko ots. 25a, 18:00

Ane Barcena eta Raquel Pagés. CLARA OROZCO

Pinpilinpussies taldeak alerta egoera ezarri zen sasoian argitaratu zuen 'Fuerza 3' diskoa eta bertan behera utzi behar izan zuen aurkezpen bira. Baina hile hauetan gogor lan egin dute entsegu lokalean, eta gaurtik aurrera lan eskerga horren emaitzaz gozatu ahalko da. Gaur 'Hipocondría' kaleratuko dute, ibilbide oparo bateko bigarren lan luzea, eta udaberrian zehar hainbat kontzertu eskainiko dute.

Gaur ikusiko du argia 'Hipocondría' lanak. Urduri?
Luze egiten ari da, aspaldi grabatu genuelako, baina gogotsu gaude. 2020ko azaroan grabatu genituen lehenengo single biak, Erre eta John Berger, eta gainerakoak 2021eko maiatzean; aspaldi, beraz. Denbora honetan, nahasketekin, masterragaz, diseinuagaz... eta abarrekin lanpetuta ibili gara, baina gogotsu gaude diskoa kaleratzeko. Gainera, denbora honetan abesti bi gehiago kaleratu ditugu eta oso hartu-eman ona dugun komunikabide bitan zabaldu ditugu: Bandera Negra saioan Bellaco abestia estreinatu zuten, eta Gaztean DEA-8D. Gogotsu gaude gainerako abestiak ere entzungai ipintzeko.

Abestietan melodiak eta distortsioa uztartzen jarraitzen duzue. Esango zenukete topatu duzuela zuen estiloa?
Neurri batean, Fuerza 3 diskoan ere antzeko zerbait pasatzen zitzaigun. Raquelek erraztasuna du melodietarako, pop ikutuko doinuetarako, eta, nire kasuan, errazagoa zait doinu indartsuagoak sortzea; Hipokondria diskoan mundu bi horiek batu egin dira, mundu berri bat sortzeko. Batak bestearen indargune horiek hartu ditu denbora honetan, eta orain niri errazago ateratzen zaizkit melodiak, eta Raqueli ere errazagoa zaio lehen ere bazuen indar hori ateratzea. Eta uste dut nahasketa polita irten dela hortik.

Ibilbide laburra baina emankorra duzue.
Raquelen eta bion hartu-emana taldeagaz batera hazi da. Alerta egoera igaro eta gero, entsegu lokalera joatea izan zen egin genuen lehenengo gauza.  Jo eta su lan egin genuen eta garai hartakoak dira abesti asko.

Lan berria 'Hipocondría' deitzen da. Osasun egoerak izan du eraginik horretan?
Hipokondriaren kontzeptua lehenagotik zegoen mahai gainean. Arazoei aurre egitekoak gara Raquel eta biok, min hartu aurretik aurre egitekoak. Hala ere, pandemian handitu egin da hori. Egoera berriei aurre egin behar izan diegu, eta konturatu gara, aldaketei eta beldurrei buruz berba eginda, beldur hori gutxitu egin dela. Kanta hauek oso terapeutikoak izan dira, eta hipokondria honi aurre egiteko modu bat.

'Erre' singlean euskaraz abesten duzu. Badago euskarazko beste abestirik diskoan? Zergaitik aldaketa?
Hiru abestitan abesten dugu euskaraz. Erre da horietariko bat, eta aurkeztu genuen lehenengoetarikoa. DEA-8D abestian ere euskaraz abesten dugu. Abesti laburra da, baina berezia. Hiru lagunek abesten dute gugaz batera, eta oso ondo geratu dela uste dugu. Euskaraz kantatzen dugun hirugarren abestia Hange da. Raquel ere animatu da euskaraz koru batzuk egitera, eta horrek ilusio handia egin digu. Anime batean inspiratu nintzen abesti hori idazteko. Beldurrari eta hipokondriari buruzkoak dira berbak. Ingelesez abestuta, oskol moduko bat ipintzearen parekoa zen niretzat; ingelesez izaterakoan, entzuleak gutxiago ulertuko zuen, eta, beraz, galdera gutxiago egingo zuen. Neure buruan konfiantza gehiago eduki ahala, letren esangura ulertu gura dut. Bestalde, hautu politiko bat ere bada. Hizkuntza zaindu beharreko zerbait dela iruditzen zait, aldarrikatu beharrekoa. Horrez gainera, bizitza osoan zehar entzun ditudan artista askok euskaraz abesten dute. Berri Txarrak taldeak eta Anarik, adibidez.

Beste behin ere, Ari Schneider arduratu da diskoaren arteaz.
Beragaz lan egin dugu beti. Emakume indartsuak ikusi daitezke azalean eta kontrazalean, eta, zelanbait, Raquelen eta bion isla dira; agerikoa da ez direla gu fisikoki, baina sonoritate apur bat transmititu gura genuen emakume indartsuak erakutsita; emakumeen indarra eta elkartasuna erakutsi gura genituen.

Martxoan 'Hipocondría tour' delakoari ekingo diozue. Gogotsu?
Oso gogotsu! Pentsa, lokalean hainbeste denbora eman eta gero, diskoa kaleratzeko baino gogo gehiago dugu zuzenean jotzeko! (barrez). Denbora honetan zehar, kontzertu apur batzuk eskaini ditugu, baina urritik hona jo barik gaude. Eta orain Euskal Herrian berriro jo ahal izatea edo Bartzelonan ganorazko aurkezpen bat egin ahal izatea itzela da. Astean zehar ezin dugu jo, lan kontuengaitik, baina martxoan eta apirilean ia ez dugu atebururik libre. Ekainean ere badabiltza irteten gauzak. Udaberri itxuroso bat dugu aurretik!

Etorriko zarete Durangaldera?
Euskal Herrira etorri ginen azken aldian, Bilbon eta Gernikan egon ginen; oraingoan Gipuzkoara joango gara, Azpeitian eta Hondarribian joko dugu, San Agustin eta Psylocibenea aretoetan, hurrenez hurren. Ahalik eta publikorik gehienarengana heltzen ahalegintzen gara. Hala ere, gustatuko litzaiguke berriro Durangaldera joatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!