[BIDEOA] Udan ume sahararrak hartzeko Oporrak Bakean programa martxan da berriro ere

Anboto 2022ko ots. 22a, 12:25

Bi urteko etenaren ostean, Rio de Oro elkarteak Oporrak Bakean programari heldu dio. Ume sahararrak hartzeko familiak behar dituzte Durangaldean. "Inoiz baino gehiago". 

Durangaldeko familiek zabalik dute udan Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuan bizi diren ume sahararrak harreran hartzeko aukera. Rio de Oro elkarteak Oporrak Bueltan programari ekin dio ostera ere, eta Durangaldeko familiak animatu ditu umeak harreran hartzera. "Udako planak egiten ditugunean eguzkia, hondartza, lagunak, bidaiak, familia eta beste hainbat gauza polit izan ohi ditugu gogoan. Irudika dezakezu zure burua guzti hori beste kultura bateko ume batekin konpartitzen? Durangaldean posible da hori guztiak betetzea eta uda ume saharar batekin elkarbanatzea", adierazi du elkarteak ohar batean.

"Pentsatu ohi da horrelako esperientziek esfortzu ekonomiko esanguratsua eskatzen dutela. Pentsa dezagun ordea, krisiak ez duela dena pikutara bidali eta esaera zaharrak dioen moduan hiruk jaten duten lekuan lauk ere jan dezaketela. Gu, Rio de Oro, gastu esanguratsuenen erantzule izango gara. Prest zaude uda honetan haur saharar bat zurean hartzeko? Informatu, ez duzu ezer galduko. Jar zaitez kontaktuan gurekin eta pozarren lagunduko dizugu zure jakin-mina asetzen", gaineratu dute. Elkarteak 676108794 telefono zenbakia ipini du interesa duten familien eskura. Izena emateko epea martxoaren 11ra arte dago zabalik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!