"Pandemiak gure bizitzak aldatu ditu, hainbat bidelagun galdu ditugu urte honetan, eta elkartasun hitzaren esanahia ongi ezagutu dugu. Orain platafoma berriz martxan jartzeko unea dela uste dugu", adierazi du Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak ohar batean. Azken bi urteotako gai nagusia pandemia izaten ari den arren, plataformako kideek diote Ongi Etorri Errefuxiatuak sortu zeneko arrazoiek hor jarraitzen dutela. "Are gehiago, orain Europa barnean gerra mehatxua" dagoenean. Hori dela eta, plataforma berpizteko deia egin dute. Herritarrak gonbidatu dituzte eguaztenean, 18:30ean, Landako kiroldegiko sotoetan egingo duten asanbladara joatera.
Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma 2016ko udan eratu zen. Migratzaileek bizi duten dramaren inguruan sentsibilizatzeko eta gizarte solidarioago bat sortzeko helburuz eratu zuten.