Ardo Saltsan Fest! egingo dute lehenengoz, ardoaz eta gastronomiaz ostera ere gozatzeko

Anboto 2022ko ots. 21a, 20:00

Bost eguneko iraupena izango duen jaialdia izango da. Martxoaren 22tik 26ra bitartean egingo dute, Durangoko Olajauregi hotelean. Dastaketak, ikastaroak, musika-esperientziak eta festa batuko dira. Sarrerak eskuragarri daude.

"Saltsan Katerinek betidanik izan du berrikuntzarekiko etengabeko kezka". Halantxik dio Iñaki Uribek, Saltsaneko arduradunak. Eta, bai. Beharbada ez zaio arrazoirik falta. Orain arte Ardo Saltsan izanikoak bira berri bat izango du-eta aurten. Martxoaren 22tik 26ra bitartean Ardo Saltsan Fest jaialdiaren lehendabiziko edizioa egingo dute. Bost eguneko jaialdia izango da, dastaketak, elikagaien eta ardoaren arteko uztartzeak, profesionalei zuzenduriko tailerrak, ikastaroak, musika-esperientziak eta Eguen Saltsanen edizio berri bat izango dituena. Ekitaldiak Olajauregi hotelean egingo dituzte. 

"Ostalaritza eta hura osatzen duen kanal guztia gogaituta dago ia bi urtetik", dio ekitaldiaren antolatzaile eta Saltsan enpresako komunikazio arduradun Maite Arroitak. Hori dela eta, Ardo Saltsan Fest-ek "inflexio puntu bat" eragin gura du, sektoreak bizi duen nekea albo batera uzteko eta janari zein edari onez gozatzeko. Eta hori horrela dela ziurtatzeko, "sektoreko upategi garrantzitsuak eta banatzaile nagusiak" izango dituzte. Kultura enologikoaren berri emango dute eta urteko nobedade nagusien berri emango dute. Saragardoak, garagardoak edo sakeak ere izango dute lekua. Zapatuan, martxoaren 26an, jai batekin emango diote bukaera Ardo Saltsan Fest-en lehen edizio honi.

Sarrerak eskuratzeko, Saltsan Katerineko denda fisikora (Kurutziaga 40, Durango) edo www.saltsan.com web orrira jo behar da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!