Amaia Elizaran dantzari tolosarra Arima pieza berriaren aurkezpen biran murgilduta dago. Ia ordubeteko ikuskizunak dantza garaikidea eta folk musika irlandarra uztartzen ditu; Hothouse Flowers taldeko liderra den Liam Ó Maonlaí musikari irlandarrak lagundu dio fase horretan. Dantzari gipuzkoarraren seigarren lana da Arima, eta bere ibilbide artistiko eta profesionalean aurrerapauso lez definitzen du obra. "Bidaia emozional argi bat egiten dugu piezan, betierekoa edo eternala dena bereziki aztertuz", azaldu du Elizaranek. Nazioarteko hainbat artistagaz lan egin eta gero, 2015ean ibilbide propioari ekin zion.
Elizaranek maiatzaren 5ean estreinatu zuen ikuskizuna, Donostiako Gazteszenan; emanaldi horretarako sarrera guztiak saldu zituzten. Maiatzaren 14an, Berrizko Kultur Etxean eskainiko du emanaldia.