“Geldirik egotea ez da aukera bat; denbora aprobetxatuz abesti berriak sortu ditugu”

Aritz Maldonado 2022ko ots. 20a, 10:20

Asier Larreak eta Alex Hernandezek 2010ean ipini zuten martxan Blackhearth proiektua; bateria jotzen du lehenengoak, eta gitarra bigarrenak. Eurekin batera, Endika Ortegak (gitarra), Jorge Sanchezek (baxua) eta Alain Concepcionek (ahotsa) osatzen dute taldea gaur egun. 2019an 'Blackhearth' izeneko diskoa kaleratu zuten, baina zuzenean aurkezten hasteko zirela, planak aldatu behar izan zituzten osasun krisialdiaren ondorioz. Lan egiteari utzi barik, disko berrirako abestiak egiteari ekin zioten.

2021eko abenduan, 'The wrath of God' bigarren lana kaleratu zuten. Chromaticity Studiosen grabatu zuten, Vhäldemar taldeko Pedro J. Monge ezagunagaz. Disko berria munduan zehar banatuko dute, Metal On Metal banatzaileagaz kontratua sinatu ostean. Tim
Ripper Owens Judas Priest eta Iced Earth taldeetako abeslari ohiak ere kolaboratu du lan honetan. Pozik daude diskoa edukitzen ari den harreragaz, batez ere Europako zaleen artean ere zeresana ematen dabilelako.

Zelako harrera izan du 'The wrath of God' disko berriak?
A. H.: Diskoa kaleratu aurretik ez genekien zer aterako zitzaigun. Uste dut jendeak oso era berezian jaso duela. Zaleek ere horrelako zerbait ikusteko gogoz zirela nabaritu dugu. Gu geu oso pozik gaude eta uste dut disko hau oso positiboa izan dela guretzat.
A. L.: Berba ugari jaso dugu hile hauetan, bai Euskal Herrian bai estatuan, baina nabarmena izan da, batez ere, Europan izan duen harrera. Hainbat herrialdetako jendearen zorion mezuak jasotzen ditugu egunero. Askok zoriondu gaituzte lan honengaitik. Horrek, jakina, eragin zuzena izan du CDaren salmentan.

Pandemiak eten egin zuen 'Blackhearth' lehenengo diskoaren aurkezpen bira izan behar zuena. Zelan eragin du horrek taldearen jardunean?
A. H.: Bai, horrela izan zen. 2020rako genituen planak bertan behera geratu ziren egun batetik bestera. Ilusio handiagaz ekin genion urteari, ahalik eta kontzerturik gehien antolatzeko asmoa genuen, baina pandemiak pikutara bidali zituen gure planak. Geldirik egotea ez zen aukera bat, eta, beraz, denbora aprobetxatuz disko berrirako abestiak lantzen hasi ginen. Bien bitartean, Black Sabbathi gorazarre lan batean parte hartu genuen, mundu osoko hainbat taldegaz batera.

Bigarren lan hau zuzenagoa dela ematen du, indartsuagoa. Zelakoa izan da Pedro J. Mongegaz lan egitea?
A. H.: Oso ona. Badakigu bere lana ezin hobeto egiten duela, eta arlo pertsonalean konplizitatea daukagu. Batura horrek lasaitasuna ematen digu.

Besteak beste, Judas Priest taldeko abeslari izandako Tim Owensek abestu du zuen diskoan. Nolatan? Zelako esperientzia izan da?
A. H.: Betidanik gustatu izan zaizkigu Judas Priest eta Iced Earth, eta hortik dator dena. Abestia eta diskoa hobetzea da helburua, eta kantak ahots bi behar baditu, ahots bi sartzen dizkiogu.
A. L.: Lokalean broma modura hasi zena errealitate bihurtu zen, eta, aldi berean, gure amets bat errealitate bihurtu da.

Urtarrilaren 15ean Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu behar zenuten diskoa. Bertan behera geratu zaizuen kontzertu bakarra da? Aurrera begira, zein asmo dituzue?
A. L.: Oraingoz bertan behera geratu den kontzertu bakarra izan da, eta espero azkena izatea. Aurten ahalik eta kontzerturik gehien jotzea da gure asmoa, disko berria zein aurrekoa zuzenean aurkeztu ahal izateko. Nahiz eta oraingoz data konkreturik eduki ez, lanean gabiltza ahalik eta lekurik gehienetan jo ahal izateko. Laster izango ditugu albisteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!