Durango Rugby Taldean badute zer ospatua emakumeen senior mailako Euskal Liga irabazi ostean. Liga amaitzeko jardunaldi biren faltan eskuratu dute lorpena.
Joan zen zapatuan Domiberia R.C. Rioja taldeari egin zioten bisita eta aitzakiarik gabeko garaipena lortu zuten: 0-53. Meritu handiko garaipena da ligako bigarren sailkatuaren kontra jokatzen zutela kontuan hartuta. Emaitza horri esker senior mailako taldea Bigarren Mailako Euskal Ligako txapeldun geratu zen.
Durangoko taldea 15 jokalari besterik ez zituela joan zen Errioxara, baina aldez aurretik jakinda zer zegoen jokoan. “Irabazteak automatikoki txapeldun bihurtzen gintuen eta galtzeak aldeak murriztea ahalbidetuko zion Riojari. Horregatik oso partida serioa planteatu genuen", adierazi du Sabin Goiti taldeko teknikariak. "Denbora bakoitzeko gutxienez bi entsegu egitea jarri genuen helburu gisa. Hala ere taldeak oso ondo erantzun zuen, eta lehen lau entseguak aurreneko hogei minutuetan iritsi ziren; beraz, merezitako eta landutako garaipena izan zen”, adierazi du Goitik. Guztira bederatzi entsegu lortu zituzten: bina Elene Rementeria, Ane Martinez eta Ane Diezek eta bana Naroa Azpitarte, Izaro Urien eta Enara Larrabeitik.
Liga txapelketa segurtatuta, presio hori barik aurre egingo diete azken jardunaldi biei. Martxoaren 13an Eibar taldea hartuko dute Durangon, Arripausuetan, eta martxoaren 27an Gernika-Getxo taldearen kontra jokatuko dute denboraldiko azkena.