Durangoko EAJk bizikletak uzteko aparkaleku estali bat "lehenbailehen" ipini dezan eskatu dio gobernu taldeari. Jeltzaleek diotenez, proiektu hori 2021eko aurrekontuetan hitzartu zuten alde biek, 40.000 euroko diru poltsagaz. Mireia Elkoroiribe bozeramaileak dioenez, aparkaleku estalia "funtsezko zerbitzua da mugikortasun-eredu berri bat bultzatzeko, desplazamendu aktibo eta jasangarriak lehenetsiz motorizatuen aurretik". EAJk dio zerbitzua "inoiz baino beharrezkoagoa" dela, are gehiago udaletxearen bueltako aparkalekuak kendu ondoren. Azken hauei buruz, gobernu taldeak adierazi izan du aparkalekuak behin-behinean kendu zituela, udaltzaingoaren bulegoa berritzeko lanek iraun bitartean.
Elkoroiribek gaineratu duenez, Aldundiak horrelako instalazioak bultzatzeko "interesa" agertu du, inbertsioek ekarriko luketen gastu zati bat beregain hartuta. Bestalde, Gasteizen, berriki, aparkaleku estali bi zabaldu dituztela gaineratu dute.