Sorginola gaztetxea maiatza aurretik eraisteko asmoa dagoela iragarri zuen bertako asanbladak joan den astean. Honen aurka protesta egiteko eta gazteentzako gune edo alternatiba bat eskatzeko egin dute protesta.
Durangoko Udalagaz "harreman puntualak" eduki dituztela esan dute, eta dei egin diete "proposamen zehatzak" egiteko. Gazteak haserre agertu dira, ostera, EAJgaz, eta eraistearen arduradunak direla esan dute "Jaurlaritza eta Mankomunitatea gobernatzen dituztelako". Hala ere, dei egin diote EAJri ere "proiektua birplanteatu edo alternatiba bat bilatzeko elkarrizketara" batzeko.
Datozen asteetan ekimenak egingo dituztela iragarri dute. "Momentu erabakigarrian gaude eta Durangok gaztetxe bat behar duela adierazteko eta gazte mugimendua berpizteko garaia da", irakurri dute elkarretaratzearen amaieran.