Durangoko Udalak lehiaketa publikora atera ditu Ezkurdiko frontoia berritzeko lanak, eta "datozen hilabeteetan" ekingo die obrei. Lanok egin ahal izateko lagungarri gisa, Bizkaiko Foru Aldundiak 488.316 euroko ekarpena egin dio udalari. Horrenbestez, milioi bat euroko oinarrizko aurrekontuagaz, berritze lanak egingo dituzte azken urteotan itoginekin eta egoera kaxkarrean egondako azpiegituran. Udal agintariek Aldundiaren ekarpena eskertu dute, eta adierazi dute erakundeen arteko lankidetzak pilotalekua birmoldatzeko proiektua indartuko duela.
Ezkurdiko frontoia birmoldatzeko proiektua gobernu planaren zati da. Durangoko pilotarien komunitateak aspaldidanik egindako eskaria da, teilatutik ura sartzen delako eta instalazioen egoera orokorra txarra delako. Udalak aurreratu du "proiektu anbiziotsuago bat" landuko duela, instalazioak beharrizan berrietara egokitzeko. "Lanon helburua, instalazioen narriadura nabarmena hobetzeaz gain, pilotalekuaren diseinu, irisgarritasun, segurtasun eta
iraunkortasun estandarrak hobetzen laguntzea da", azaldu du udalak. Bestalde, frontoiaren erabiltzaileentzako alternatiben bila ari dira obrek irauten duten denbora tarterako.