Merkataritza Foro Egonkorra sortu dute kontsumo ohitura berriei aurre egiteko

Anboto 2022ko ots. 8a, 11:39

Egitura Durangoko Udalak, Dendak Baik, Ostalaritza elkarteak, Turismo Bulegoak eta Udaleko merkataritza aholkulariek osatu dute. Aurrerantzean zerbitzu guneak hobetzeko eta modernizatzeko ekintzak egingo dituzte.

Durangoko Udalak eta merkataritzaren sektorean inplikatutako eragileek Merkataritza Foro Egonkorra sortu dute. Egitura berriagaz etorkizuneko erronkei egin gura diete aurre, besteak beste, herriko zerbitzu guneak modernizatuta eta kontsumo ohitura berrietara egokituta. Foroa, Merkataritza Indarberritzeko Plan Bereziaren zati da (PERCO legez ezagutzen den planaren zati). Eta Foro hau izango da hain zuzen ere merkataritza jarduerak dinamizatzeko lehendabiziko tresna. Udalak jakinarazi du Foroan beste arlotako eragileek ere parte hartuko dutela "puntualki". “Durango berraktibatzeko beharra daukagu, bai ekonomikoki eta baita sozialki ere. Herriko negozio txikietan kalitatezko produktua eta bezeroarekiko gertutasuna eskaintzen dugu, hain beharrezkoa dena garai hauetan. Horregatik garrantzitsua da mahai berdinaren bueltan eragile publiko eta pribatuak jesartzea, komertzioaren baitan ikuspuntu eta ekarpen ezberdinak jaso eta sektorearen garapenean laguntzeko”, azaldu dute Aritz Bravo eta Neskutz Rodríguez zinegotziek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!