Hain zuzen ere, Ima Garrastatxu Durangoko alkateak Kutxabankek Goienkalen duen bulegoa itxiko duela azaldu du atsekabez. Garrastatxuk eta Julian Rios alkateordeak proiektuan parte hartu dutenei eskerrak eman dizkiete, eta administrazioan ere adineko pertsonek izan ditzaketen zailtasunak gainditzeko lanak egingo dituztela adierazi dute.
Jon Fernandez Durango Lagunkoia egitasmoaren koordinatzaileak, martxotik hona egindako lana laburtu du.. Durangoko hainbat banketxetako bulegoetako zuzendariekin batu direla azaldu du, eta egitasmoko kideegaz batera egindako inkesten gakoak azaldu ditu. Besteak beste, ziurtasun eza, eta teknologiaren erabilerarekin dituzten zailtasunak azpimarratu dituzte; 75 inkesta batu dituzte, 53 emakumeren eta 22 gizonen iritziekin. Pentsiodunen mugimenduen laguntza eskertu dute, baita ere. Ekimena positiboki baloratu du Fernandezek, izan ere, bankuekin batu eta hiru hilabetera "hobekuntzak" ikusi dituzte hauen jardunean. "Durango mailan gauzak aldatzen ari dira, eta hori mugitzen ari garelako da", azaldu du Montse Llorentek prentsaurrekoan; 'Hiri lagunkoiak' ekimeneko kidea da Llorente, eta berekin batera egitasmoko beste hainbat kide ere egon dira agerraldian.