“Ekarpenak egiteko eta jasotzeko den sormen-sarea sortzea dugu helburu”

Aitziber Basauri 2022ko ots. 8a, 08:52

Hiru emakume daude Sortzailea Crativxs proiektuaren atzean: Ana Luzia Dos Santos (Brasil, 1995), Camila Schulz (Argentina, 2000) eta Vanesa Duran. Dos Santos orain 10 urte etorri zen Brasildik. Schulz eta Duran argentinarrak dira eta hiru urtetik hona Durangon bizi dira. Hiruren indarrak batuta ekin zioten proiektuari, irailean. Duranek moda diseinuan eta goi mailako joskintzan lan egin du, eta Schulzek webguneen kudeaketan. Dos Santos diseinu grafikoaren eta sare sozialen arduraduna da.

Zelan definituko zenukete Sortzailea Creativxs proiektua?
Ana Luiza Dos Santos: Herritarrei zeozer desberdina eskaini gura genien eta gutariko bakoitzaren talentua batzea erabaki genuen, Durangon oraindino ez dagoen zeozer sortzeko. Arropa denda baino gehiago, sortze-espazio bat da Sortzailea-Creativxs. Gure sormena arropan aplikatzen dugu: gure diseinuak, irudiak... sortzen ditugu eta kirol-jertseak, elastikoak... egitea eskatzen dugu. Proiektua zabaltzen joatea da gure asmoa, marka propioa sortzea. Marka handi bigaz lan egiten dugu, baina inguruko askotariko artista eta diseinatzaileekin ere bai, euren lanak erakusteko espazioa eskainita.

Ez da ohiko arropa denda bat.
Camila Schulz: Ekarpenak egiteko eta jasotzeko sormen sarea sortzea da helburua, ideiak eta ezagutza elkarregaz trukatzea. Sarea hedatzeko, ateak zabalik ditugu, gura duten ekintzale eta artista guztientzat.
A.L.D.S.: Adibidez, laguna dugun argazkilari bategaz doako argazki tailerra antolatu genuen. Bide horretan jarraitu gura dugu.

Birziklaturiko materialagaz egindako arropa ekologikoa duzue dendan.
C.S.: Orokorrean, eta ahal dugun neurrian, ingurumenagaz lagunkoia den materialagaz lan egin gura dugu. Poliester birziklatua, artile birziklatua edo ardia gehiago babesten duen prozesutik sorturiko artileagaz egindako arropa saltzen dugu. Prozesu zirkular batera heltzea da helburua, jantziei ahalik eta probetxurik handiena atera eta ahalik eta arroparik gutxien baztertzeko. Erositako arropa nondik datorren aintzat hartzea ere garrantzitsua dela uste dugu, hortaz jabetzea, enpresa sozialki arduratsua izatea lortu gura badugu. Sortzailearen arropa ere Bilbon egindakoa da.

Durango eta Durangaldea duzue inspirazio iturri.
C.S: Bai, piloa gustatzen zaigu. Gainera, Durangok batzen gaitu, hirurok leku desberdinetatik gatoz eta.
A.L.D.S.: Durangok liluratu egiten nau. Ez du parekorik.

Interneteko salmenta eta denda fisikoa uztartzen duzue. Hori da etorkizuna?
C.S: Bai. Sarean ikusi duen arroparen bila dator bezero asko. Sare sozialak tresna bat gehiago dira, are gehiago ia denok erabiltzen ditugun sasoi honetan.
A.L.D.S.: Sare sozialek produktua ezagutarazteko balio dute. Gainera, zerbitzu hori eman ahal izateko laguntza ere eskaintzen dugu; sormen-espazioa handitzeko modua da. Adibidez, O'Connors tabernari ematen diogu zerbitzua.

Bezeroak eurak dituzue salduriko arropa erakusteko modeloak.
C.S: Bai. Erositako jantziekin argazkiak ateratzea proposatu diegu bezeroei, sare sozialetan erakusteko. Erantzun ona izan dugu. Bezeroekin hartu-emana sortzeko modua da, arropa erosteaz haratago doana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!