“Gure helburua hezkuntza arloan psikologia eta garapen emozionala lantzeko materiala sortzea izan da”

Aritz Maldonado 2022ko ots. 5a, 10:30

Ana Arribillagak eta Usue Egiak (Durango, 1992) 'Nik esaten dudalako' ilustrazio liburua kaleratu dute; Egia ilustrazioez arduratu da. Durangarraren lehenengo liburua da. Arte Ederretako gradua ikasten hasi da ikasturte honetan, aurretik ikus-entzunezko gradua egin eta gero. "Modu autodidaktan ikasi ditudan kontuei oinarria jartzeko lagungarria zait". Iaz, 'Durango Sor(tzaileen) leku' beka irabazi zuen eta udazkenean publikatzea aurreikusten duen komiki bat lantzen dabil. Umorezko tirak ere publikatzen ditu, Instagram sare sozialeko '@ueguia' kontuan.

Zer da 'Nik esaten dudalako'?
Ana Arribillaga nire irakaslea izan zen. Psikologiako autokontzeptuaren eremuko hainbat gai tratatzen zuen, eta niri asko gustatzen zaidan alorra da. Hain zuzen ere, master amaierako lanean ere autokontzeptuaren gaia landu nuen komikiaren bitartez, eta neure espezialitatea ere hortik bideratzea gustatuko litzaidake. Egiten ditudan aurkezpenetan marrazkiak erabiltzen ditut beti, esan nahi dudana hobeto azaltzeko, eta, hain zuzen ere, horixe zen berari gustatu zitzaiona, nire marrazkiek zenbat transmititzen zuten. Liburu bat idazteko asmoa zuela komentatu zidan eta ilustrazioak egiteko aukera proposatu zidan. Hortik aurrera, elkarlanean hasi ginen. Egunerokotasunean agertu daitezkeen zortzi egoera proposatzen ditu liburuak; beldurra, ardura eta halako gaiak jorratu gura genituen, eta egoera horiek abiapuntu hartuta zortzi istorio ditu liburuak.

Hezkuntzan ez dago ia materialik psikologia eta garapen emozionala tratatzen duenik, eta liburu honek zubi lana egin dezakeela uste dugu, ikastetxeetan eta etxean gai hauei buruz gehiago berba egiteko. Azken finean, nork ez du entzun edo erabili 'Nik esaten dudalako' etxean? Tradizio mugatzaile hori apurtzeko zubia ere izan daiteke liburua.

Lehenengo liburua duzu. Zelako esperientzia izan da?
Erronka handia izan da, ez ilustratzaile lez bakarrik, baita bestela ere, hamaika kontu burokratiko egin behar izan dut eta. Asko ikasi dut prozesu osoan zehar, egile eskubideei buruz, editorialen funtzionamenduari buruz eta abar. Urte luze eta gogor bi zan dira, baina probetxuzkoak. Ilustratzaile lez egin gura dudan bidean ere oso lagungarria izan zait. Asko disfrutatu dut.

Plazera izan da lan hau egitea, marrazteaz gainera gaia oso interesgarria delako niretzat. Oso lotuta nago autoestimu eta halako gaietara, eta, hori dela eta, buru-belarri aritu naiz. Egoeretan planteaturikoa marrazkien eta testuaren bitartez zelan transmititu; asko landu dut hori. Nire lehenengo liburua da, Anarena ere bai, eta denbora asko eskaini behar izan diogu. Asko ikasi dugu eta prozesu polita izan da, gogorra ere izan den arren. Azken hile bietan urduri egon gara, aparte, liburua Durangoko Azokara helduko ote zen. Editoreak ere asko lagundu digu, nora jo jakiteko; une batzuetan, beharbada denbora gehiegi emango nuen perfekzioaren bila, detaileak zuzendu guran, eta esaten zidan praktikoagoa izatea komeni dela. Gero, liburua esku artean edukitzea itzela da.

Zelan definituko zenuke zure estiloa?
Nire estiloa batez ere azken urteetan garatu dudala esango nuke. Nerabezaroan alboratuta nuen arren, betidanik marraztu izan dut. Nire ideiak erakusteko erabiltzen nuen marrazketa; konturatu nintzen hobeto komunikatzen nintzela irudiekin berbekin baino. Horrela, geroago eta gehiago marrazten hasi nintzen; inkontzienteki estilo moduko bat garatu nuela ikusi nuen, hanka eta beso luzeekin. Aitak ere egiten zituen horrelako pertsonaiak, sudur handi eta luzeekin adibidez, eta beharbada hortik zeozer jasoko nuen. Seguru erreferentzia gehiago ere baditudala, jakina, baina ez dira neuk bilaturikoak. Horrez gainera, nire materialik gehiena zuri-beltzean egiten dut, eta gero digitalizatu. Orain, adibidez, nire lehenengo nobela grafikoa izango dena lantzen nabil, eta bertan, adibidez, istorioa eta trazoa dira nire lehentasuna; kolorea albo batera utzi dut. Denon Artean argitaletxeagaz kaleratuko dut hau ere, eta udazkenean publikatzea aurreikusten dugu.

Tira komikoak ere publikatzen dituzu.
Konfinamenduan eguneroko bat egiten hasi nintzen eta esango nuke horrek ere lagundu zidala estiloa topatzen. Askotan, sentimendu horiek paperean marraztuta eta idatzita hobeto ulertzen dira.

Arte Ederretako arantza barruan nuen eta uste dut baliagarria izango zaidala bide honetan. Aktibo egoteko lagungarria zait eta horrela gehiago sortzen dut. Ingurukoek esaten didate konfort eremutik irteteko, baina, aldi berean, unibertsitateko lanak neure estiloagaz egiten ahalegintzen naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!