“Antzezlanak badu gazitik, eta badu gozotik ere; umoretik ere egin daiteke kritika"

Aritz Maldonado 2022ko urt. 31a, 10:50

Bertsolaritzatik datoz Aner Euzkitze, Haizea Arana, Oihana Arana eta Leire Vargas durangarra. Baina 'eRRe' ikuskizunerako, bestelako diziplinetara ere hurreratu dira, hala nola antzerkigintzara eta dantzara. Lanku kultur zerbitzuekin elkarlanean sortu dute emanaldia. ANBOTO San Agustinen batu da eurekin, entseatzen zebiltzala. Ordubeteko emanaldia da eurena, eta hamar eszenak osatzen dute. Kritika, autokritika eta umorea batzen dituen emanaldi "sinpatikoa" da eta Durangon estreinatuko dute, otsailaren 5ean. 

Zer da 'eRRe'?
Leire Vargas: Bertso emanaldi berezi bat da. Bertsoa abiapuntua da, baina ikuskizun hibrido bat da. Komunikatzeko moduan bertsoa presente dago, baina antzerkiagaz, narratibagaz eta dantzagaz elkarlanean agertzen da. Marko lez, dualismoak hartzen ditu, hau da, orokorrean gure pentsatzeko modua bitasunetatik zelan eraikita dagoen. Abiapuntu horregaz, kritika bat egiten dugu gu zeharkatzen gaituzten gaien inguruan, bertso mundukoak zein kanpokoak izan.
Haizea Arana: Esan daiteke bertsoari edo bertso munduari buruzko emanaldi bat dela, gai orokorragoak lantzen diren arren baita ere. Nahiko aipamen eta kritika daude, bertso mundukoak eta honen parte diren pertsonaiei buruzkoak. Gure artean askotan komentatu ditugun gaiak dira, baina beharbada kanpora begira ez dira hain komentatuak.
Aner Euzkitze: Ez genuen bertsolaritzari buruzko emanaldi bat edo bertsolaritzaren munduko gaiez berba egiten duen ikuskizun bat egin gura bakarrik. Baina bertsolaritza ardatz garrantzitsua da, horrek batu gaitu eta.
Oihana Arana: Emanaldiaren azpititulua 'Aldarri bat bertsoz' da, zeozergaitik. Emanaldiak hiru ardatz ditu, gu elkartzen gaituztenak: bertsolaritza, gaztetasuna eta denok marika edo bollerak garela. Abiapuntu horretatik beste geruza batzuetara heltzen gara gero.
L. V.: Guk bertsotik berba egiten dugun arren, aurkezten diren zenbait gatazketarako ez duzu zertan bertso mundua ezagutu. Azken finean, gatazka horiek bestela ere izaten dira. Modu diferentean ikusiko da emanaldia, bertso mundukoa izan edo ez. Antzezlanak badu gazitik, baina badu gozotik ere; umorearen bitartez ere egin daiteke kritika, eta zaporea ez da berbera izango. Gure helburua ez da mundu guztiaren gustuko izatea, horrek kritikoa izatea ezinezko egiten du eta.

Diziplina arteko jauzi horiek izan dira erronkarik handiena?
O.A.: Laurok berbari oso lotuta egon izan gara beti. Interesgarria da bestelako erronkak ezartzea gure buruei. Erosotasunetik aldentzen ahalegindu gara. Testua geuk egin dugu osorik, baina laguntza ere jaso dugu kanpotik, aholkularitza, lagunena ere bai.
O. A.: Hasieran, intuiziotik lan egin dugu gehienbat. Gero, Edurne Azkarate etorri da eta zuzendari lanak egin ditu. Asko lagundu digu ideiak oholtzara eramaten eta gure gorputzetan islatzen.

San Agustinen estreinatuko duzue.
L. V.: Gogoa dugu jendearen erreakzioa ikusteko, baita euren feedbacka jasotzeko ere, ikusteko zerk funtzionatu duen eta zer aldatu behar dugun. Gu taula gainean eroso egotea ere espero dut.
H.A.: Emanaldiak ahalik eta lekurik gehienetan eskaintzea da helburua. Otsaila eta martxoa beterik ditugu gure agendan, eta hori ikustea itzela da. Nik neuk gogoa eta bertigoa ditut lehenengo emanaldia egiteko. Gu, normalean, ohituta egon gaitezke bertso saio batera joatera, bertan abestera eta amaiturikoan etxera bueltatzera. Hau desberdina da.

Zergaitik 'eRRe'?
H.A.: Berba palindromoa da, aurretik atzera zein atzetik aurrera berdin irakurtzen dena, eta horregaz ere jolastu gura izan dugu.
A.E.: Bitasunagaz jolastu garen modura, simetriagaz ere jolastu gura izan dugu, sotilki bada ere, eszenaratzean egin dugun moduan.
L.V.: Berbak berak ere zentzu hori du. Zorrotzak izaten ahalegindu gara, kritikoak ere bai jendeari gustatu ez arren, eta erretzearen kontzeptuak ere badu zerikusia horregaz.
O.A.: Autokritika handia duen lana ere bada; ez dugu gura alegato huts batean geratzea, azken finean, emanaldi bat delako, eta umoretik ere ahalegindu gara horretan, geure buruari barre eginez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!