Durangoko Udalak Hornidura merkatuko postuak esleitu ditu hil honen bukaeran egindako osoko bilkuran, eta EAJk bere kezka agertu du, lizitaziora irten duten 19 postuetatik 5 baino ez direlako esleitu. Postua mantenduko duten dendariak orain arte bertan lanean egon diren dendarienak dira. Bostek jaso dute esleipena oraingoz, baina seigarren bat ere batuko da taldera. Durangoko EAJk merkatu plaza bultzatzeko beharra azpimarratu du, eta kritikatu du oraindik ez dituela udal gobernu taldeak eskuartean duen proiektuaren xehetasunik ezagutzen. Gobernu taldea merkatu plazaren diseinu eta egitura berriagaz lanean dabil, baina jeltzaleek esan dute oraindi ez dutela horren berririk.
Mireia Elkoroiribe buru duen alderdiaren ustez, merkatu plaza azpiegitura "estrategikoa" da Durangoren etorkizunerako. Bere iritziz, merkatua "funtsezko elementu dinamizatzailea" izan daiteke "udalerriko merkataritza-, gizarte- eta kultura-bizitza biziberritzeko". Elkoroiriberen iritziz "larria" da "horrelako erabaki bat informazio publikorik gabe eta herritarren parte-hartzerik gabe hartu izana". "Espero dugu oraindik garaiz egotea proposamenak egin eta aldaketak egiteko", amaitu du.